Alokairuaren erreferentziazko prezioen indizea zehazteko erakundeen arteko elkarlana eskatu du Legebiltzarrak
Eusko Legebiltzarrak erakundeek elkarrekin jardun dezaten eskatu du alokairuaren erreferentziazko prezioen indizea zehaztu eta, horri esker, eremu tentsionatu izendatutako udalerrietan prezioak mugatu ahal izateko.
Erreferentziazko prezioen indizea Espainiako Gobernuak ezarri behar du, baina horretarako hiru ogasunek datu fiskalak eta katastralak Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) esku jarri behar dituzte, behin hori eginda, Eusko Jaurlaritzak informazio hori guztia Etxebizitza Ministeriora bidaltzeko.
Gauzak horrela, erreferentziazko indize hori gabe ezin dituzte prezioak mugatu. Gaur-gaurkoz, Errenteria da Euskal Autonomia Erkidegoan eremu tentsionatu izendatutako udalerri bakarra.
EH Bilduk gaurko osoko bilkurara eraman du eztabaida, eta agerian gelditu dira taldeen arteko aldeak, baita Eusko Jaurlaritzan koalizioan gobernatzen duten EAJren eta PSE-EEren artean ere.
Eztabaidan zehar, Xabier Astigarraga EH Bilduren legebiltzarkideak indizea zehazteko prozesua blokeatzea leporatu dio EAJri.
Adrian Fernandez ordezkari sozialistak, bere aldetik, jeltzaleei eskatu die foru aldundiek lehenbailehen eman diezaiotela Espainiako Gobernuari alokairuen prezioari muga jarri ahal izateko indizea egiteko behar dituen datuak.
Azkenik, Jonatan Moreno jeltzaleak nabarmendu du Espainiako Etxebizitza Legeak ez duela aintzat hartu euskal erakundeen egitura berezia.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda