Gipuzkoako gazteen ia % 40k uste dute feminismoa gizonak diskriminatzen ari dela
Soldatak, etxebizitza eta enpleguaren kalitatea dira Gipuzkoako gazteen kezka nagusiak. Bat datoz baieztapen horrekin Lupak behatokiak inkestatuen % 85-86, eta % 69k adierazi dute langabezia ere kezka-iturri dutela.
Behatoki horrek egin eta EITBk eskuratu duen ikerketa baten arabera, inkestatutako gazteak (18 eta 34 urte bitarteko 500 inguru) ez daude pozik klase politikoarekin; izan ere, % 56k uste dute politikak ez diela beren arazoei behar den erantzunik ematen. % 65en ustez, distantzia handia dago politikarien eta gazteen artean.
Politikak sortzen dizkien sentimenduei dagokienez, oro har, % 38k diote haserrea sortzen diela, % 28ri mesfidantza, eta % 9ri asperdura edo axolagabekeria. Hala ere, haserrearekin lotutako zifrak gora egiten du klase politikoari buruz galdetuta: % 51ri haserrea sortzen die klase politikoak.
Azterlanean jasotako beste alderdi batzuek erakusten dutenez, inkestan parte hartu duten gazteen % 40k uste dute immigrazio irregularra mehatxua izan daitekeela Gipuzkoarentzat.
% 38k uste dute feminismoa gizonak diskriminatzen ari dela. Hala ere, kasu honetan aldeak daude generoen arabera. Feminismoak diskriminatzen dituela uste duten gizonak % 45 dira; emakumeen artean, berriz, % 32 dira baieztapen horrekin bat datozenak.
Horrez gain, azterlan horren arabera, % 24k uste dute beharrezkoa dela gizonentzat eta emakumeentzat derrigorrezko soldadutza ezartzea.