Lizarraldeko bizilagunek protesta egin dute "lurraldeari larriki eragiten dioten proiektu-oldearen" aurka
Antolatzaileek salatu dutenez, meatzeak instalatzeko zundaketek, hidrogenoa eta helioa bilatzeko azterketak, biometanoko makroplantak, makrogranjak eta beste hainbat proiektuk 100 herriri mehatxu egiten diete.
Manifestazioko pankarta batzuk. Argazkia: Lizarraldea Bizirik
"Lizarraldea ez dago salgai" lelopean, Lizarraldeko herritarrak euren "bizimodua mehatxatzen" duten makroproiektuen aurka mobilizatu dira larunbat honetan, Lizarraldea Bizirik, Ekologistak Martan eta hainbat eragilek deituta.
Azken ekitaldia Lizarrako plazan izan da, eta bertan salatu dutenez, "Lizarraldean, lurraldeari larriki eragiten dioten proiektu ugari ari gara ikusten. Manifestaldian zehar, makroproiektu batek edo batzuek eragindako herrien izenak eraman ditugu,100 herri inguru guztira".
Proiektu horien artean daude, besteak beste, "Sorablan, Lizarraldean eta beste 31 herritan egiten ari diren zundaketak, kogenbre-meatzeak instalatzeko; Lana Haranetik Legardaraino, Lizarraldea zeharkatu eta Aralar mendilerroa okupatuz, hidrogenoa eta helioa bilatzeko egiten ari diren azterketak; Arroniz, Sesma, Viana, Andosilla eta Los Arcosen biometano-makroplantak instalatzeko mehatxua; Dikastillo edo Eneriz bezalako makrogranjak instalatzeak eragingo duen dei-efektua...".
Oteizako tentsio oso altuko subestazioa ere aipatu dute, horren ondorioz, goi-tentsioko linea bera eraikitzeko beharra sortuko delako Lorkan, Lizarran eta Murietan, adibdez. Gainera, Oteiza, Allo, Lerin, Villatuerta, Aras, Bargota eta Vianan bezalako makroproiektu fotovoltaikoak eta eolikoak instalatzen tematzea" ere saltu dute, "Valdizarbe ahaztu gabe". "Gizarte premiei erantzuten ez dieten proiektuak" direla ohartarazi dute, "datu-zentroak edo Abiadura Handiko Trena elikatuko dituztenak".
Proiektu horien atzean enpresa eta finantza-erakunde handiak daudela nabarmendu dute protestaren antolatzaileek: "Akziodunak aberasteko aukera berrien bila datoz, gure lurrak modu atzeraezinean ustiatu eta bertan bizi garenon bizi-kalitatea murriztearen kontura. Eta jabe eta enpresa handi horiek izenak dituzte: Villamir eta bere makroproiektu industrialak, Biogas Sesma eta Banco Santander, Mantle 8 multinazional frantziarra hidrogenorako, Iberian Copper bezalako espekulatzaileak kobrean, AGR Biogas eta ING bankuak, Costa taldea bezalako haragi-multinazionalak...", aipatu dituzte.
Testuinguru horretan, erakundeak ere seinalatu dituzte, "isilik egoteagatik eta proiektuei buruzko informazioa ezkutatzeagatik" eta .proiektu horiek guztiak geldiarazteko borrokan jarraituko dutela iragarri dute.