Euskal Herriko milaka emakumeren ahotsak ozen, beste behin, Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazioetan
Euskal Herriko mugimendu feministak deituta, milaka emakume kalera atera dira martxoaren 8 honetan, Emakumeen Nazioarteko Egunean, "indarkeriarik gabeko bizitza askeak izateko eskubidea" aldarrikatzeko, 2018ko Greba Feminista Orokorraren oihartzunak bizirik dauden honetan, aldarriak, zoritxarrez, beharrezko izaten jarraitzen duelako. Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta Itaiak banandurik egin dituzte aurten ere deialdiak.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioek modu mailakatuan zeharkatu dituzte euskal hiriburuak.
Donostian, Donostiako Batzar Feministak deitutako martxa 12:30ean abiatu da Antigua auzoko tuneletik, eta Kontxako pasealekua, Zubieta kalea eta Askatasunaren hiribidea zeharkatu ondoren, Boulevard zumardian amaitu da. "Ausardia" eskatu dute martxan, "eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakadaren aurrean".
"Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feminista" leloa zeraman pankarta baten atzean, manifestariek, horietako asko arropa beltz eta morez jantzita, "Gora borroka feminista" oihukatu dute.
Boulevardean, Donostiako Asanblada Feministako bi ordezkarik komunikatu bat irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz. Azpimarratu dutenez, "urtez urte Euskal Herriko Mugimendu Feminista gero eta indartsuago eta artikulatuago" dago, "testuingurua asko aldatu ez den arren".
"Zapalkuntza mekanismo modu berriak agertu dira, botere harreman moduak zaildu dira eta ezin dugu dena ezker-eskuin, goi-behe dikotomia sinpleetan ulertu", adierazi dute.
Ildo horretan, ohartarazi dute "eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada" ez dela "urruneko kontua", eta, esan dutenez, "eskuinetik datorrena ez da mugimendu estanko bat, eta ezkerreko sektore batzuetan feminismoarekiko kontrakotasuna eta diskurtso arrazisten gorakada sumatzen da".
"Aliantzak eraikitzen jarrai dezagun faxismoz, erreakzionarismoz eta zapalkuntzaz betetako garai hauetan", erantsi dute.
Kolektiboen batura Gasteizen
Milaka lagunek, gehienak emakumeak, bat egin dute Euskal Herriko Mugimendu Feministak Gasteizen deitutako manifestazioarekin. Batukada batek alaituta, 12:30ean abiatu da manifestazio jendetsua San Anton plazatik, hego-ekialdeko haizeak pankartak eta bandera moreak astintzen zituen bitartean.
"Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak" leloa zeraman pankartarekin batera, indarkeria matxistaren aurkako eta emakumeen eskubideen aldeko kartel ugari ikusi dira.
Pixkanaka, aurreikusita zegoen bezala, hainbat kolektibotako kideak manifestaziora gehitzen joan dira ibilbidean zehar, bakoitzak bere pankarta eta aldarrikapenekin.
Hala, etxeko eta zaintzako langileak, erroldarik gabeko emakume migratzaileak, Araba Bizirik (landa-eremuko emakumeak), gerraren aurkako emakumeak, Afrikako emakumeak, pentsiodunak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuak gehitu dira. Gasteizko auzoetako banderak ere astindu dituzte, Judimendikoa, esaterako. Foruen plazan amaitu den martxan, borroka feministaren aldeko oihuak egin dituzte. Plazara heldutakoan, beltzez jantzitako mimo batzuek eskaini duten ikuskizunak eman dio amaiera ekitaldiari.
Martxa jendetsu nagusi horrez gain, beste bat ere izan da Gasteizen, prostituzioaren abolizionistek deitutakoa. Arka plazan bildu dira, Ibiltariaren ondoan, aterki moreekin eta "Bortxatzeagatik ordaintzen duzu" leloarekin.
Iruñea, feminista eta antifaxista
Milaka lagunek babestu dute larunbat honetan mugimendu feministak Iruñean "faxismoaren aurrean aliantza feministak" eraikitearen alde deitutako manifestazioa.
Mobilizazioa 13:00ak jotakoan abiatu da Antoniutti plazatik. Emakume talde batek mugimendu feministaren ikurra zeraman bandera more handi bat eraman dute, eta, atzetik, manifestazioaren leloa zeraman pankarta: "Faxismoaren aurka ausardia eta aliantza feministak".
Besteak beste, "Gora borroka feminista", "Soldata arrakala patronalarentzat", "Zainketen negozioari ez", "Feminismo inklusiboa da bidea" eta "Borroka feminista antiarrazista izango da" oihukatu dute.
Manifestazioaren aurretik komunikabideei egindako adierazpenetan Amaia Zubietak, mugimendu feministaren ordezkari gisa, gogorarazi duenez, iaz "zaintza sistema publiko eta komunitario bat aldarrikatzeko" atera ziren bezala, aurten M8ko mobilizazioak mugimendu feministaren "aurrerapausoen" aurrean dagoen "erreakzio faxista" izan du ardatz.
Horren arabera, "eskuin muturreko mugimenduetan ez ezik, ezkerreko mugimenduetan ere ikusten ditugu jarrera faxistak, emakumeok lortzen ditugun eskubideen aurka, trans eta bollera emakumeen aurrerapenen aurka", eta "politika arrazistak" bultzatzen dituztenak.
Jendetza Baionan
Baionan inoizko mobilizazio feministarik jendetsuenetako bat izan da larunbat arratsalde honetakoa, 1.300 pertsona baino gehiago bildu baitira. Sutan Kolektiboak deituriko protesta transfeministara. Hauek Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin batera egin dute deialdia eta faxismoari feminismoarekin erantzun behar zaiola aldarrikatu dute.
Marea moreak Baionako kaleak hartu ditu. Eskuin muturreko ideiak oldartzen ari diren garai honi transfeminismoarekin ihardetsi behar zaiola defendatu dute eta faxismoak bere ideak zabaltzeko feminismoa erabiltzen duela ere salatu du, martxa hasi aurretik Aña Iriart Sutan Kolektiboko kideak.
Lapurdiko hiriburuko aspaldiko manifestaziorik jendetsuena izan da eta era guztietako elkarte, eragile, sindikatu eta kolektiboak batu dira borrokara baina gizonen kolektiboa faltan somatu dute eta ideia feministetatik urruti kokatzen dela ere gaineratu dute.
Euripean ere borrokan
Bilbon egin dute eguneko azken manifestazioa, eta milaka lagun bildu dira bertan. Martxa Jesusen Bihotzaren plazatik abiatu da, euripean, "Faxismoaren aurka, ausardia feminista" leloa zuen pankarta buruan zuela, eta Kale Nagusian zehar auzo desberdinetatik zetozen zutabeak batu zaizkio martxari, Errekalde, Santutxu, Zurbaranbarri eta Deustu auzoetatik zetozenak zehazki.
Martxaren aurretik Bego Mera Bilbo Feministako bozeramaileak azaldu duenez, aurten aukeratutako leloak "argi utzi nahi die faxistei eta eskuin muturrari aurrean izango gaituztela eta ez dugula atzerapausorik onartuko, ez dugula atzera egingo".
"Kezkatuta gaude faxismoaren hazkundearekin, badakigulako eskuin muturrak interes berezia duela emakumeak zapaltzeko, emakumeei, feministei, migratzaileei eta LGTBI komunitateari eskubideak kentzeko", adierazi du.
"Beldurra kontrol sozialerako tresna" dela azpimarratu ondoren esan du feministek ez dituztela kaleak utziko. Ez gara geldituko. Beldurrarekin geldiarazi nahi gaituzte, ahoa estali nahi digute, baina hor gaude eta aurrera jarraituko dugu", esan du, eta mugimendu feminista "indartsu" eta "antolatu" baten aldeko deia egin du.
Itaiak emakume langilea jarri du erdigunean
Itaiak deitutako mobilizazioak 12:30ean abiatu dira Bilbon eta 15:00etan Baionan, eta arratsaldean, berriz, 18:00etan Donostian eta 18:30ean Gasteizen eta Iruñean.
Itaia mugimenduak matxismoaren eta faxismoaren aurka borrokatzeko eta kaleak hartzeko deia egin du. "Oldarraldi erreakzionarioaren aurrean, beharrezkoa ikusten dugu; ezker instituzionaletik harago, diskurtso matxista eta faxista horiei aurre egingo dien erreferente iraultzailea eraikitzea da dugun erronka nagusia. Hain zuzen, gizarte kapitalistan bizi dugun zapalkuntza eta esplotazio egoera amaituko duen gizarte antolaketa sozialistara bidean lan egingo duena". Azpimarratu dutenez, horretarako, "ezinbestekoa" da "langile klaseko kolektiboen arteko lankidetza, eta hor emakume langileok lehen lerroan egon behar dugu: emakume migranteak, sektore feminizatuetako langileak, indarkeria matxista pairatu dutenak, etab.".
Manifestari batzuei eraso diete Iruñean
Gaur eguerdian, Iruñean erreibindikazio feminista bat egiten ari ziren hainbat emakumeri eraso egin die gizon batek, eta ekintza hori boikotatzen saiatu da.
Hainbat emakumek errepidea itxi dute Iruñeko sarbidean, Sanduzelai auzoan, "M8 Emakume langileok sozialismoa eraiki" lelopean, eta EITBri jakinarazi diotenaren arabera, ekintza bat egiten ari ziren bitartean, gizon bat autotik jaitsi da eta eraso egin die. Horien esanetan, "martxoaren 8a borroka eguna dela argi utzi dute, faxismoaren eta matxismoaren aurka kaleak hartzeko eguna, hain zuzen ere. Ideia eta jarrera matxista eta erreakzionarioen aurrean borroka egin eta mobilizatzeak berebiziko garrantzia du egungo testuinguruan".
Otsailaren 22an hasi eta gaurdaino iritsi da Emakundek "Ni feminista naiz" lelopean martxan izan duen kanpaina. Kanpaina honekin, feminismoak gizarteari egiten dion ekarpena aldarrikatu eta berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenak nabarmendu dituzte. Horrekin batera, feminismoaren balioek pertsonen eguneroko bizitzan botere eraldatzailea dutela erakutsi nahi izan dute.
Nafarroako Gobernuko eta erakunde nagusietako ordezkariek, Maria Chivite lehendakaria eta Unai Hualde Parlamentuko presidentea tartean, elkarretaratzea egin dute Iruñean, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, ''benetako berdintasun unibertsala'' aldarrikatzeko.
Albiste gehiago gizartea
Milaka pertsona atera dira gaur kalera Hego Euskal Herrian, Palestinaren alde
Gasteizen, Bilbon eta Iruñean arratsaldeko zazpietan abiatu dira Palestinaren aldeko Borroka Eguna dela eta antolatutako mobilizazioak. Deialdia Gazarako Mugimendu Globalak eta Global Sumud Flotillak egindako nazioarteko ekimenari erantzunez gauzatu da, “Apur dezagun Gazako blokeoa. Defenda dezagun Global Sumud Flotilla” lelopean. Goizean ere, protesta egin dute Gasteizen, Legebiltzarraren kanpoaldean.
Komunitate palestinarrak genozidioaren aurkako manifestazioa deitu du asteazkenerako Zinemaldian
Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordeak “The Voice of Hind Rajab” filmaren proiekzioa baliatuko du Israelen erasoa eta horren inguruko isiltasun “konplizea” salatzeko Donostiako kaleetan.
Donostiako masajistak ukatu egin ditu sexu-erasoen akusazioak
Fiskaltzak eta akusazio partikularrek 45 urteko kartzela-zigorra eskatu dute akusatuarentzat.
"Nahasmendu delirantea" diagnostikatu diote medikuek Kabiecesen 400 haur baino gehiago txertatu gabe utzi zituen erizainari
Epaiketaren laugarren egunean, auzipetua auzitegian aurkeztu da, baina deklaratzeko moduan ez dagoela onartu du.
Iruñeko Planetarioa berreraikitzeko lanak hasi dira
Urtarrilean kupula larriki kaltetu zuen sutearen ondoren, Iruñeko Planetarioa Tornamira Aretoa zaharberritzen eta eraikina osorik modernizatzen hasi da. Kultura sailburu Rebeca Esnaolak zentroa zientzia eta astronomia dibulgaziorako abangoardiako gune gisa berreskuratzea helburu duten jarduerak azaldu ditu.
Sindikatuek eta pentsiodunek protesta egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean
Pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatara (LGS) arte osatzeko Herri Ekimen Legegilea (HEL) Jaurlaritzak aintzat hartu ez izanagatik protesta egin du pentsiodunen mugimenduak. Bestalde, enplegu publikoko prozesuetan izandako euskararen aurkako "erasoaldi judiziala" salatu du LAB sindikatuak.
Bi gizon atxilotu dituzte Azkoitian gizon bati sexu-erasoa egin eta legez kanpo atxikitzeagatik
Joan den asteartean, gizon bat Ertzaintzaren egoitzara joan zen sexu-eraso baten biktima izan zela eta bere borondatearen aurka atxiki zutela eta eraso fisikoa eta sexuala egin ziotela salatzeko.
Euskal Selekzioak eta Palestinak lagunarteko futbol partida jokatuko dute San Mamesen azaroaren 15ean
Espainiako agintarien arabera, ez da kirol ekitaldi huts bat izango, eta Palestinan pairatzen ari diren "giza eskubideen urraketa guztiak" ikusarazteko ere baliatuko dute lagunartekoa.
Baso-sute arriskua oso handia izango da Nafarroan ostegunetik larunbatera
Aurreikuspenen arabera, arriskua nabarmen murriztuko da larunbateko azken orduan, prezipitazio-fronte bat sartuko baita.
Euskararentzat "arkitektura juridiko berria" eskatu du Kontseiluak, "langile publikoek euskararen ezagutza izatea" bermatzeko
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteak deituta, bilkura egin dute, arratsaldean, Donostiako epaitegi batek euskararen aurka kaleratu berri duen epai bat salatzeko. Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, "ezinbestekoa da euskarari behar duen arkitektura juridiko berria eskaintzea", "botere judizialetik ezarritako blokeoa gainditzeko".