Proiektu fotovoltaikoak gaitzetsi dituzte Zuiako herritarrek ekinaldi kolektibo batean
Zuiako (Araba) bizilagunek beren hitzak lurperatu dituzte gaur, larunbatarekin, Solaria enpresaren proiektu fotovoltaikoen aurka antolatu duten ekinaldi kolektio batean. "Memoria eta erresistentzia" zituen ardatz Zuia Bidean elkarteak deitutako hitzorduak.
Eguerdian egin dute ekinaldia Murgian. Herritarrek beren mezuak, nahiak eta ardurak denboraren kapsulan gorde dituzte, etorkizunean "belaunaldi berriek gaur egun beren lurra defendatzen dutenen ahotsa entzun dezaten".
Solaria enpresak bere proiektu fotovoltaikoak aurkeztu zituenetik urtebete igaro denean, ziuarrek aipatu ekimena antolatu dute, "paisaia eta herriaren eredua eta garapena mehatxupean" daudela salatzeko. "Mehatxu horren aurrean, erakutsi nahi dugu herritarrok ez dugula amorerik emango", azaldu dute antolatzaileek.
"Denetariko mezuak" sartu dituzte kutxan: gutun pertsonalak, hausnarketa kolektiboak, ohar ofizialak, musika, marrazkiak, objektu sinbolikoak eta etorkizunean "ondare hori deskubrituko dutenei zuzendutako hitzak".
Kapsula zigiluz itxi, eta lur azpian sartu dute. Une horretan, hitzeman dute belaunaldien arteko zubi gisa balioko duela, alegia, "herritarrek maite dutena babesteko aldarria egin zutela gogoraraziko duela".
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak