Albiste izango dira: Aste Santuko Irteera Operazioa, ihes gelen turismoa eta Lurraldebusen greba bertan behera
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko apirilaren 16an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Aste Santuko Irteera Operazioa: Gaur arratsaldean, 15:00etan, abiatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Aste Santuko Trafikoko Operazio Berezia. Trafiko Zuzendaritzak 532.000 desplazamendu espero ditu datozen orduetan. Ertzaintzaren 200 agente inguruk trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko lanak egingo dituzte, zirkulazioa ahalik eta arinena izan dadin. Betiko moduan, honakoetan sortzen da arazo gehien: A-8an, Kantabriako mugan; AP-8an, Biriatuko ordainlekuan, eta AP-1 eta A-1 lotzen diren lekuan, Armiñonen. Euskalmeten arabera, giro aldakorrarekin abiatuko da Aste Santua, eta iluntzean euri apur bat egin dezake.
- Ihes gelen turismoa: Escape Room delakoak (ihes gelak) 2014an heldu ziren Euskal Herrira. Ordutik, sektorea indartzen joan da eta, gaur egun, milaka jarraitzaile erakartzen ditu. Are gehiago, Gasteizko ihes gela bat Europako gela onena eta munduko bigarrena izendatu berri dute: Mayto Kingdom. eitb.eus eurekin mintzatu da.
- Lurraldebusen greba, bertan behera: Avanza Gipuzkoa konpainiako langileak sei greba egunera deituta zituzten Aste Santuan, lan-baldintza hobeak aldarrikatzeko. Lanuzteak, baina, bertan behera geratu dira bart, forma arazo bategatik. Antza, langileen ordezkariek berandu erregistratu zuten deialdia, baina ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek berretsi dute berriro deituko dituztela, etorkizun hurbilean. Lanuzteak apirilaren 17ko 02:00etatik hilaren 22ko 02:00era zeuden deituta. Debagoienan, ibilbide luzeetan eta Bilbo eta Gasteizko aireportuetan ematen dute zerbitzua konpainia honek. Besteak beste, "gehiegizko lanaldiak" eta "aparteko orduen kontrol eza" salatuko dituzte langileek.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Estatuko herritarren % 79k uste dute "posible" dela etorkizunean gerra batean arma nuklearrak erabiltzea
CISen inkesta baten arabera, herritarrei gehien kezkatzen dien beste beldur batzuk dira gertuko senide bat galtzea, osasuna galtzea, itsu geratzea edo minbizia hartzea.
Gorpu bat aurkitu dute itsasoan, Ondarroa eta Lekeitio artean
Gorpua ezin izan dute identifikatu, baina baliteke asteartean Mendexan desagertutako 82 urteko arrantzalea izatea.
Tasa turistikoa 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko da Euskadin
Gipuzkoako Foru Aldundiak turismoari lotutako zerga berria arautzen duen Foru Arauaren proiektua onartu du. Zergaren oinarria gau kopuruaren arabera kalkulatuko da.
76 urteko gizon bat eta 38 urteko emakume bat atxilotu dituzte, Bilbon, emakume bati sexu-erasoa egiteagatik
Biktima atxilotuekin batera Santutxuko Karmelo kaleko etxebizitza batera igo omen zen.
Dozenaka lagunek justizia eskatu dute Parisen hildako gazte tolosarrarentzat
"Justizia Dalianentzat" lelopean, Parisen hil zuten Tolosako bizilagunaren senide eta lagunek elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean. Martxoaren hasieran aurkitu zuten haren gorpua, Frantziako hiriburuko etxebizitza batean.
Bi gizon inputatu dituzte Artxandako hilketagatik, eta beste hiru krimen hura ezkutatzeagatik
2023ko abuztuan, gizonezko baten gorpua aurkitu zuten, zatituta eta erreta, maleta baten barruan, Artxandan dagoen abandonatutako eraikin batean.
Goiz korapilatsua Txorierriko errepideetan, Asua parean bederatzi autoren artean izandako talka baten ondorioz
Istripuaren ondorioz, bideko lau erreietatik hiru itxi behar izan dituzte puntako orduan, eta auto-ilara luzeak sortu dira inguruan: Artatzan, Arrontegin, Barakaldon eta Gurutzetan. Behin ibilgailuak bidetik kenduta, egoera bere onera itzultzen joan da. Arazoak izan dira, halaber, A8an, Kantabriarako noranzkoan, San Mames parean istripu bat izan baita. Gipuzkoarako noranzkoan, gainera, trafikoa astuna izan da.
Osakidetzako proba diagnostikoen irudiak ikusgai, Osasun Karpetaren bidez
Iaz, 592.888 herritarrek erabili zuten Osasun Karpeta eta 8,2 milioi sarbide izan zituen. Interesa dutenek irudietara sartzeko eskaera online egiteko aukera izango dute.
Eusko Jaurlaritzak 271 milioiko inbertsioa egingo du hezkuntza sistemaren eraldaketa digitala bultzatzeko
ADIMEN DIGITALA estrategiak software librean oinarritutako hezkuntza-plataforma propioa ahalbidetuko du, irakasleen prestakuntza digitala indartuko du eta euskarazko hezkuntza-edukiak sustatuko ditu.
Bilbok TAOa ezarri du Zorrotzaurreko hegoaldean, 150 aparkaleku-plaza araututa
Bizitegi-eremu horretan, egoiliarrek denbora-mugarik gabe aparkatu ahal izango dute, eta datozen urteetan 550 plaza inguru izatea aurreikusten du Udalak.