ITZALALDIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

112 telefonora egindako deiak laukoiztu egin ziren itzalaldiaren lehendabiziko 4-5 orduetan

Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, argindarraren hornidura % 100ean berreskuratu bada ere, asteartea "ez da egun normala izango". Oraindik ere arazoak daude, batez ere, komunikazioetan.
Itzalaldiaren ondorioz ateak itxi zituen saltoki bat, Iruñean
Itzalaldiaren ondorioz ateak itxi zituen saltoki bat, Iruñean. Argazkia: EFE

Itzalaldiaren lehendabiziko 4-5 orduetan, 12:30etatik 17:30era, 112 larrialdi telefonora egindako dei kopurua laukoiztu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak Radio Euskadin azaldu duenez. Lan handiko egunaren ondotik, gaua lasaia izan da, eta, intzidentzia txikiren bat gorabehera, ez da "ezer adierazgarririk" gertatu.

Astelehen honetan Iberiar penintsula osoari eragin dion itzalaldiaren ondotik, argindarraren hornidura ia erabat (% 99,95) berreskuratu da Espainian, Red Electricak goizeko lehen orduan emandako datuen arabera.

Argindarra guztiz itzuli da Euskal Autonomia Erkidegora eta Nafarroara. Hala ere, atzo Imanol Pradales lehendakariak aurreratu bezala, asteartea "ez da egun normala izango".

Gaur goizean oraindik ere arazoak daude, batez ere, komunikazioetan. Eusko Jaurlaritzak telekomunikazio operadoreei eskatu die arazoak "lehenbailehen" konpontzeko. Halaber, garraio publikoetako zerbitzuak pixkanaka-pixkanaka normaltasuna berreskuratzen ari dira.

Euskadi Irratian egindako elkarrizketan Joana Egiluz Babes Zibileko sailburuordeak azaldu duenez, "apurka-apurka normaltasunera itzultzen ari gara, baina egia da atzo bezala gaur ere gorabeheraren bat izaten ari garela". Atzoko egunez, igogailuetan harrapatuta zeuden 253 pertsona erreskatatu behar izan zituzten EAEn. 

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak herritarrei eskatu die egiez eta informazio faltsuak ez zabaltzeko eta informazioa jasotzeko kanal ofizialetara jotzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Pago basoa
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Gero eta baso gehiago dugu Euskal Herrian: larreek zuhaitzei leku utzi diete

Lur Geroak baso-kudeaketa planak egin ohi ditu Nafarroako udalentzat. Izan ere, bertan mendi eta baso gehienak publikoak dira; Nafarroako udalek dute basoen % 80 ingururen jabegoa. Nafarroako araudiaren arabera, baso-kudeaketa planak finantzatzeko eskuduntza Foru Gobernuak dauka, baina udalek plan horiek onartu behar izaten dituzte eta askok herritarren parte-hartzea eskatzen dute.  Aholkularitza enpresak, besteak beste, baso horiek modu sostenigarrian nola ustiatu proposatzen du; alegia, baso bakoitzetik zenbat egur atera daitekeen 10 edo 15 urtetan, basoak bolumenik galdu gabe. Horrez gainera, udalak behartuta daude mendian inbertitzera haien ustiapenetik (egurraren salmentatik edota lursailen alokairutik) jasotzen duten diruaren % 20. Inbertsio horiek nola egin ere aholkatzen du.  

Gehiago ikusi
Publizitatea
X