Perituek baieztatu dute Nelson David Moreno biktimaren etxean egon zela
Nelson David Morenoren aurkako epaiketan, hainbat perituk eta Ertzaintzako kide batzuek deklaratu dute gaur. Serieko hilketen ikerketaz arduratzen den ataleko agente batek baieztatu du akusatua biktimaren etxean zegoela heriotza gertatu zenean, eta handik banketxe batera deitu zuela, biktimaren banku-klabeak eskuratzeko. Ertzainek nabarmendu dute ez dutela zalantzarik ahotsa berea zela, beraiek atxilotu eta galdekatu zutelako.
Gainera, Morenoren inguruko inork ez du ezagutzen hark aipatutako ustezko konplizeetako bat bera ere. Auzitegian jakinarazi dutenez, akusatua zazpi gizonen hilketarekin eta bi hilketa-saiakerarekin lotu dute, modus operandia bertsua erabilita beti: biktimak itota hil ziren, eta, ondoren, dirua lapurtu zieten.
Forentseek egindako hiru autopsiek erakutsi dute biktimak indarkeriazko heriotza izan zuela. Mediku batek azaldu du "mataleon" teknika baliatuz inolako arrastorik utzi gabe hil daitekeela pertsona bat. Bestalde, psikiatra forentseek adierazi dute Nelson David pertsona antisoziala dela, arauak ez dituela errespetatzen, baina noiz hautsi aukeratu ohi duela.
Epaiketak astelehenean jarraituko du, lekuko gehiagoren deklarazioekin.