Bilboko gizonen ustezko hiltzailearen kasuko epaimahaia bilduta dago
2021eko urrian Bilbon gizonezko baten hilketaren kasuko epaimahaia osatzen duten bederatzi kideak, bi emakume eta zazpi gizon, bilduta daude, epaiketaren ebazpena adosteko helburuarekin. Astearte honetan eman dizkiete aldeek ebazpenerako galderak, alegia, epaiketan zehar landu diren alorrei buruzko galderak eta hurrengo orduetan euren artean eztabaidatuko dituztenak.
Bizkaiko Auzitegiko seigarren sekzioan egin da egunotan Bilbon bost gizonezkoren hilketarekin lotzen duten gizazemearen aurkako lehen epaiketa. Lehen auzialdi honetan homizidioa, iruzurra eta lapurreta egotzi dizkiote akusatuari.
Azken saioaren amaieran, Fiskaltzak 16 urte eta 3 hilabeteko kartzela zigorra eskatzeari eutsi dio.
Akusazio partikularrak eta herri-akusazioak (Euskadiko Gay, Lesbiana, Trans, Bisexual eta Intersexualen Elkartea) 39 urteko espetxealdia eskatu du, gertakariei sexu-orientazioagatiko diskriminazioaren larrigarria gehitu baitie. Erantzukizun zibileko eskaera amaren (90.000 euro) eta hildakoaren osabaren (10.000 euro) alde aldatu du.
Azkenik, defentsak iruzur delitua soilik onartzen du. Txostenaren azken irakurketan, abokatuak gogorarazi du ez dagoela akusatua "hilketarekin edo biktimarekin zuzenean edo zeharka lotzen duen froga bakar bat ere".
Azken hitza emateko txandan, auzipetua epaimahaiari zuzendu zaio, egindakoagatik zigortzeko eskatzeko, ez "egin ez" duenagatik.
Epaitua, Nelson David Moreno, Basauriko espetxean dago aurretik egindako delitu bategatiko zigorra betetzen. Horrez gainera, beste bost gizonezkoren hilketekin zerikusia duelakoan ikertu dute.