Bi hildako eta 500 atxilotu baino gehiago Frantzian, PSGk Txapeldunen Liga irabazi osteko ospakizunetan
Frantziako agintariek jakinarazi dute gutxienez bi direla PSGk Txapeldunen Liga irabazi osteko ospakizunetan hildakoak, eta atxilotuak, 550etik gora.
Emakume bat hil da Parisen, motor bat gidatzen ari zenean auto batek harrapatuta, eta 17 urteko mutil bat hil da Akizen, labankada bat jasota.
Bestalde, Grenoblen, auto-gidari batek ibilgailuaren kontrola galdu du eta lau pertsona zauritu ditu, horietako bi, larri.
Guztira 192 pertsona zauritu dira ospakizunetan, 692 sute izan dira eta 264 ibilgailu kaltetu.
Hiri-ondasunak (zaborrontziak, markesinak, trafiko seinaleak, etab.) txikitu dituzte Eliseoko Zelaietan eta Porte de Saint-Clouden, eta saltokietako erakusleihoak apurtu dituzte.
Gainera, PSG taldearen zaleak Paris inguratzen duen autobidean sartu dira, bengalak piztuta eta suziriak jaurtiz, Parc des Princes inguruan.
"Barbaroak eta matoiak"
Bruno Retailleau Frantziako Barne ministroak "irmotasunez" jokatzeko deia egin die segurtasun indarrei, eta istiluak eragin dituztenak "barbaroak eta liskargileak" direla esan du.
François Bayrou lehen ministroak animo mezua bidali die segurtasun indarrei: "Ospakizuna ederra izan dadila, eta guztiek zain dezatela guztien segurtasuna".
Antoine Leaument Frantzia Intsumisoko diputatuak, berriz, Retailleauk antolatutako segurtasun dispositiboa kritikatu du: "Bruno Retailleauk kaosa eragin du negarra eragiteko gasarekin. Barbaroa bera da". Diputatu ezkertiarrak, hala ere, argi utzi nahi izan du "deitoragarria" dela jendeak saltokiak arpilatzea, eta horiek "atxilotu" egin behar direla, baina "jende baketsuari negarra eragiteko gasa jaurtitzeak ez du zentzurik".
Harrera, bihar
Bihar egingo diete harrera Europako Txapeldunen Ligako txapeldunei. Luis Enriquek gidatzen dituen jokalariak Eliseoko Jauregira joango dira lehenengo, eta Parisko kaleak zeharkatuko dituzte ondoren.
Ousmane Dembele PSGko jokalariak indarkeriarik ez erabiltzeko eskatu die zaleei. "Ikaragarria izan behar da Paris. Baina, mesedez, ez apurtu ezer! Indarkeriarik ez. Lasai egon gaitezen, ospatzen ari gara!", esan zuen finala irabazi ostean.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak