Elkarretaratzea deitu dute Muxikan, festagunean hainbat neska adingaberi egindako sexu-erasoak salatzeko
Muxikako Udalak eta bertako Mugimendu Feministak kontzentrazioa deitu dute, 20:30erako, bost neskak salatu ostean mutil batek sexu-ukituak egin zizkiela San Roman auzoko jai-esparruan. Ertzaintzak bertan aurkitu eta atxilotu zuen erasotzailea.
Muxikako Udalak eta herriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu dute gaurko, 20:30ean, herriko jai-eremuan adingabeei egindako sexu-erasoak salatzeko.
Ertzaintzak 18 urteko mutil bat atxilotu zuen Muxikan (Bizkaia), hainbat sexu-eraso delitu egotzita, San Roman auzoko jaietan bost neska adingaberi ukituak egiteagatik. Akusatua ertzain-etxera eraman dute, ondoren epailearen esku uzteko.
Goizaldeko ordu bata aldera, Ertzaintzak deia jaso zuen gizonezko bat San Roman auzoko jai-esparruan sexu-ukituak egiten ari zela jakinarazteko.
Gernika-Lumoko ertzain-etxeko hainbat agente bertaratu ziren, eta biktimetako batek emandako datuei esker aurkitu ostean, ustezko erasotzailea jai-eremutik atera zuten behar bezala identifikatzeko.
Agenteak horretan ari zirela, hainbat neska hurbildu zitzaizkien, mutil horrek sexu-erasoak egin zizkiela salatzeko.
Adingabeek zein gertakariak ikusi zituzten hainbat lekukok emandako azalpenen aurrean, atxilotu egin zuten, bost neska adingaberi sexu-erasoa egitea egotzita.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda