Agertu barik dagoen 77 urteko emakume baten bila dabiltza Barrundian, Araban
16:00ak inguruan, haren senide batek jakinarazi du emakumea etxetik atera dela eguerdian, eta ordutik ez dutela haren berririk.
Urgentziazko baliabideen dispositibo handi bat Hermuan (Barrundia, Araba) desagertutako emakume baten bila dabil arratsaldetik. Operatiboa Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikari batek koordinatzen du.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 16:00ak aldera senide batek jakinarazi du emakumea etxetik irten dela eguerdian, eta harrezkero ez dutela haren berririk. Auzokideak Hermuan eta inguruko mendi-bideetan ibili dira haren bila, baina ez dute emakumea aurkitu.
Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatea, mendiko agenteak eta helikoptero bat, Gasteizko Herritarren Babeserako patruilak, Ertzaintzaren eta Euskadiko Salbamendu Taldearen Txakur Unitatea, Arabako Gurutze Gorriko eta DYAko kideak, Aguraingo suhiltzaileak eta Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzua daude bilaketa-lanetan, elkarlanean, Arabako Lautadako landa-ingurune horretako hainbat eremutan.