Gaur sartuko dira indarrean Ipar Euskal Herrian ur kontsumoa murrizteko lehen neurriak
Ostiral arratsalde honetan sartuko dira indarrean Ipar Euskal Herrian ur kontsumoa apaltzeko ezarriko diren lehen neurriak, euri faltak bultzatuta. Lehorte egoera ezarri du prefeturak eta plan horren baitako bigarren maila suposatzen dute neurri berezi horiek. Izan ere, hainbat puntutan 2022ko lehorte maila berean daudela gogorarazi dute, eta orduan ere neurri berak hartu zituzten.
Hala, debekatuta egongo da, besteak beste, lorategi, golf eta kirol zelaien ureztatzea, igerilekuak betetzea edo autoak garbitzea. Hain zuzen, goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara ezingo dira etxeko zelai eta baratzeak ureztatu, ezta auto partikularrak etxean garbitu ere. Oro har, etxean ura zentzuz baliatzeko eskatu dute.
Prefeturak alerta areagotu du Aturi eta Errobi arroetan, baita Bidasoan eta Urdazubin ere. Egoera larrienean, Iholdiko erreka ere egongo litzateke tartean.
Krisi mahaia astero bilduko da egoera aztertzen joateko.