18 sute daude aktibo Galizian, Gaztela eta Leonen eta Extremaduran, eta Jarillakoa egonkortu dute
Hiru foku berri hauteman dituzte Galizian, egoerak okerrera egin du Leongo Bierzo eskualdean eta herri gehiago husteko agindua eman dute. Guztira 403.171 hektarea erre dira 2025ean Espainian, Copernicusen arabera.
Jarillako sutea (Extremadura). Argazkia: EFE
Suaren aurka borrokan jarraitzen dute Espainian, bereziki Gaztela eta Leonen, Extremaduran eta Galizian. Urtea hasi zenetik, 403.000 hektarea baino gehiago erre dira Estatuan, gehienak abuztuan, Europar Batasuneko Copernicus zerbitzuak emandako azken datuen arabera.
Extremaduran, Jarillako (Caceres) sutea egonkortu dute —17.300 hektarea erre dira—, eta etxetik alde egin behar izan zuten bizilagunak egunean zehar itzuli ahalko dira etxera. Extremadurako Baso-suteen aurkako Babes Zibileko Plan Bereziaren Zuzendaritzak 2. mailatik 1. mailara jaitsi du egoera ostiral arratsaldean. Hala, operatiboa autonomia-erkidegoko baliabideen esku geratu da.
Suteek Galizia kiskaltzen jarraitzen dute, eta dagoeneko 88.311 hektarea erre dira azken bi asteetan. Gainera, hiru foku berri hauteman dituzte azken orduetan: bi Pontevedran eta bat Lugon.
Gaztela eta Leonen ere, suteak itzali ezinik jarraitzen dute; 2. mailako zortzi sute eta 1. mailako sei dituzte. Bierzo (Leon) eskualdean piztutako suteak okerrera egin du haizearen eta orografiaren eraginez, eta herritar gehiago irtenarazi dituzte etxetik.
400.000 hektarea baino gehiago erre dira aurten Espainian
Urtea hasi denetik 391.581 hektarea erre dira dagoeneko Espainian, Copernicus Europar Batasuneko programaren menpeko EFFIS agentziak emandako azken datuen arabera.
Guztira, 360.000 hektarea inguru kiskali dira azken 15 egunetan.
2025eko datuak baino okerragoak aurkitzeko 1994. urtera egin behar da atzera. 437.602,50 hektarea erre ziren orduan.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda