Vueltak gorabeherak eragingo ditu irailaren 3an Bizkaiko errepideetan
2025eko Vueltaren 11. etapa irailaren 3an, asteazkena, hasi eta amaituko da Bilbon. Mozketak 12:40an hasi eta 17:20 aldera arte izango dira, antolatzaileek egindako aurreikuspenen arabera.
Bilbok Vueltaren 11. etapa (157,4 km) hartuko du datorren asteazkenean, irailaren 3an. Lasterketa San Mamesetik abiatuko da, 13:30ean, eta Diego Lopez de Haro kale nagusian amaituko da, 17:30 aldera.
Publizitate-karabana 12:35ean aterako da, eta txirrindulariek bete beharko duten ibilbide bera egingo du. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, etapa 17:20 eta 17:41 artean amaituko da, txirrindularien erritmoaren arabera.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, etapak trafiko murrizketak eragingo ditu.
Hauek dira lasterketak zeharkatuko dituen herri nagusiak: Loiu, Gatika, Mungia, Bermeo, Mundaka, Sukarrieta, Murueta, Forua, Gernika, Arratzu, Munitibar, Muxika, Larrabetzu, Galdakao, Lezama, Zamudio, Derio, Sondika eta Bilbo.
Trafiko-etenak 60 minutu ingurukoak izango dira, gutxi gorabehera, eta, beti legez, bandera berdea daraman Ertzaintzaren motozikleta igaro arte ez dute errepidea irekiko.
Errepide-mozketa nagusiak
Lasterketaren irteera neutralizatua 11:20an izango da, Bilbon, eta txirrindulariek Felipe Serrate kalea, Sabino Arana etorbidea, Jesusen Bihotza plaza, Euskalduna zubia, Ballets Olaeta kalea, Eraso Jeneralaren kalea, Morgan kalea, Carmelo Bernaola tunela, BI-604 eta BI-2704 zeharkatuko dituzte. Irteera ofiziala 13:51 inguruan izango da, gasolindegiaren parean.
BI-604 errepidea 12:40 eta 14:00 artean itxiko dute, gutxi gorabehera, N-637 Txorierri/Asua aldera doazen ibilgailu guztientzat. Dena den, Bilboko beste irteera batzuk erabili ahal izango dira alternatiba gisa.
BI-631 errepidea, Mungiatik Bermeora, 13:10 eta 14:10 artean itxiko dute, gutxi gorabehera.
BI-2235 errepidean, Bermeotik Gernikara, zirkulazioa etengo da 13:30 eta 15:15 bitartean, gutxi gorabehera.
BI-635 errepidean, Zugastietatik Muxikara, trafiko-etenak ordu eta erdi iraungo du, 14:30etik 16:00etara.
Azkenik, N-634 errepidea, Erletxetatik Bilbora, 15:00etatik 17:15era itxiko dute, gutxi gorabehera. Bien bitartean, A-8a erabili ahalko da bide alternatibo gisa.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskadiko sahararrak ospakizun betean, NBEk Minurso misioa berritzerik izan ez duelako
Elkarretaratzea Gobelan, Romo FC klubeko entrenatzailea sexu-askatasunaren aurkako delituengatik kartzelara bidali ondoren
Bilbo, Donostia eta Gasteiz blindatu dituzte, Blocusek txikizioa egiteko egindako deialdien aurrean