Erregularizazio eskaerak aurrez aurre aurkezteko aukera, gaurtik aurrera
Gizarte Segurantzaren hiruburuetako bulegoetan eta 50.000 biztanletik gorako hirietako Correosen bulegoetan jaso ahal izango da aurrez aurreko zerbitzua, hitzordua eskatuta.
Espainiako Estatuan bizi diren migratzaileek euren egoera erregularizatzeko bidea zabalik dute, joan den ostegunean ireki baitzen eskaerak online egiteko epea.
Baina aurrez aurreko arreta nahi dutenek, gaurtik aurrera dute aukera bulego batera joateko.
Ekainaren 30ean amaituko da erregularizazio eskaera aurrez aurre aurkezteko epea. Hori bai, aurretik hitzordua eskatu behar da, derrigor.
Internet bidez migrazio ministerioaren webgunearen bidez egin behar da eskaera (identifikazio digitalarekin, CLAVE sistemaren bidez zein formulario bat beteta).
060 telefonora deituta ere lor daiteke hitzordua.
Non ematen da aurrez aurreko arreta?
Gizarte Segurantzaren bulegoetan: Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan GSINek dituen bulegoetan, Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian, arratsaldez.
Correosen bulegoetan, 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan: Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian, Barakaldon, Getxon eta Irunen. Ordutegia gizarte segurantzaren bulegoetan baino zabalagoa izango da.
Aurrekari penalen ziurtagiria
Aurrekari penalen ziurtagiriak bereziki kezkatzen ditu migratzaileak. Jatorrizko herrialdea zein den, tramitazioa azkarra eta merkea edo oso motela eta garestia da, eta ia ezinezkoa, batzuen kasuan.
Erregularizazio-prozesuan abiatu ahal izateko, egiaztatu egin behar da ez dela deliturik egin Espainian zein azken 5 urteetan bizi izan den herrialdeetan.
Denek bete beharreko tramitea da, baina batzuentzat besteentzat baino errazago dago.
Bilboko kontsulatuek EAEn bizi diren atzerritarrei ez ezik, Penintsulako ipar eremu osoko jendeari ere ematen diete zerbitzua, eta egunotan, gainezka daude.
ETB horietako hainbatetan izan da, eta batzuen eta besteen arteko aldeak nabarmenak dira:
- Kolonbiarenean, 2-3 egunetan lortzen da aurrekari penalen ziurtagiria.
- Marokokorenean, denbora gehiago behar da.
- Hondurasek, berriz, ohartarazi du Euskadin bizi diren eta erregularizatzeko zain dauden milaka honduratarrek zailtasunak izango dituztela epeak betetzeko. Gainera, Hondurasen tramite batzuk aurrez aurrez egin behar dira, derrigor. Eta bitartekariengana joz gero, diru asko gastatu behar da.
Gainera, jatorrizko agiriak ez badaude gazteleraz, zinpeko itzulpena aurkeztu behar da, eta horrek diru gehiago gastatzea eta atzerapen gehiago eragingo die eskatzaileei.
Eskatzaileek 30 eguneko epea dute eskaria aurkezteko, eta behin epe hori igarota, dekretu berriak dio Justizia Ministerioa ziurtagiri hori hiru hilabeteko epean lortzen saiatuko dela.
Azkenik, bada beste berritasun bat. Eskatzaileak aurrekari polizialak baditu, eta ez penalak (isun bat izatea edo kalean identifikatzea, esate baterako), eta Atzerri bulegoak uste badu ez dela segurtasunerako mehatxua, erregularizazioa lortu ahal izango du.
Baina, zer irizpiderekin ebatziko du funtzionarioak batera ala bestera egin? Bada, hori oraindik ez dago argi.
Gida praktikoa
Migratzaileen erregularizazioa: jakin behar duzun guztia, urratsez urrats
Prozesua apirilaren 16an hasiko da, online, eta aurretiko hitzordua eskatuta egin ahal izango da, eta ekainaren 30era arte egongo da zabalik. Urtebeterako bizileku eta lan baimena lortzeko aukera emango du.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera