Protestarako deia egin dute Yala Nafarroak eta BDZ Nafarroak, Israel taldea Vueltan aritzearen aurka
Vueltako hainbat etapatan antolatutako protesta ekintza baketsuekin bat egingo dute Yala Nafarroa plataformak eta BDZ Nafarroa mugimenduak. Izan ere, Vueltako pelotoia Nafarroan barrena ibiliko da datorren asteartean, Sendavivan hasi eta Larra-Belaguan amaituko den hamargarren etapan.
Yala Nafarroa plataformak eta BDZ Nafarroa mugimenduak bat egin dute Israel Premier Tech taldeak Vueltan parte hartzearen aurka hainbat etapatan antolatutako protesta ekintza baketsuekin.
Pelotoia Nafarroan barrena ibiliko da datorren asteartean, Sendavivan hasi eta Larra-Belaguan amaituko den Vueltako hamargarren etapan.
Ohar baten bidez azaldu dutenez, "Genozidiorik gabeko kirola" kanpainara batzea erabaki dute. "Gizarte honek Palestinako herriari ematen dion babesa ikusaraztea da" horren helburua, eta Israelgo taldeak nazioarteko kirol ekitaldi batean parte hartzeak dakarren "irudi garbiketa" gaitzestea.
Deitzaileen arabera, Nazioarteko Txirrindularitza Batasunak (UCI) eta Vueltako antolatzaileek taldea kanporatu beharko luke.
Talde horri parte hartzea baimenduz Israelen irudia garbitzeko saiakera horren konplize izatea egotzi diete Vueltako zuzendaritzari eta erakundeei.
Orain arte, Israel taldearen aurkako bi protesta nagusi izan dira Vueltan. Asteazkenean, manifestari talde batek Israel Premier Tech taldeko txirrindulariei bidea oztopatu zien.
Hurrengo egunean, hainbat pertsonak Vuelta eten zuten Olot herrian.