Gernika-Palestinak protesta egiteko deia egin du Vueltak Bilbon abiatuko duen etapan, Israelek Gazan egindako genozidioaren aurka
Israel-Premier Tech taldeari lasterketan parte hartzen uztea leporatu diete UCIri eta txirrindulari lasterketaren antolatzaileei.
Eneko Gerrikabeitia eta Ibon Meñika, Gernika-Palestina herri ekimeneko bozeramaileak. Argazkia: Europa Press
Gernika-Palestina herri ekimenak Israelen kontrako protestak deitu ditu asteazken honetarako, Vueltaren Bilboko etaparekin bat eginez, Israelek Gazaren aurka egindako "genozidioa" salatzeko eta Palestinako herriari elkartasuna adierazteko.
Gernika-Palestinak prentsaurrekoa eskaini du astearte honetan Bilbon, besteak beste, ostiral honetan, irailak 5, egingo dituzten elkarretaratzeen eta kazeroladen berri emateko.
Eneko Gerrikabeitia eta Ibon Meñika herri ekimeneko bozeramaileek, era berean, astearte eta asteazken honetarako Israelgo txirrindulari taldea Vueltan egotea salatzeko egindako deialdiekin bat egin dutela jakinarazi dute.
Bilboko etaparen amaierari begira, kaleak euskal eta palestinar ikurrez betetzeko deia egin dute, Palestinari elkartasuna adierazteko eta Gazan gertatzen ari dena salatzeko.
Ibon Meñika pozik agertu da euskal gizartea izaten ari den mobilizazioagatik eta jarreragatik; izan ere, azken hilabeteotan "askotariko adierazpen ugari egin dira herri palestinarra pairatzen ari den genozidioa salatzeko eta Israelgo Estatuari, Netanyahuri, genozidio hau gelditu egin behar duela esateko".
Su-etena eskatu ostean, nazioarteko instantziek "mekanismo guztiak" jarri behar dituztela esan du Meñikak, "Netanyahu eta bere gobernu genozida epaitzeko eta palestinar herria aske eta eskubide guztien jabe izan dadin bere etorkizuna duintasunez bizitzeko".
Egoera horren aurrean, Gernika-Palestinatik hainbat ekimen planteatu dituzte, horietako batzuk Vuelta Nafarroatik eta Bizkaitik igarotzen denerako. Ildo horretan, dei berezia egin dute asteazken honetan Bilbon egingo den etaparen amaierarako, "euskal eta palestinar ikurren bidez", Euskal Herriak Palestinarekiko duen elkartasuna islatzeko eta "benetan ageri-agerikoa den errealitatea" salatzeko, Bizkaiko hiriburuaren gainean "mundu mailako begi asko" egongo direla aprobetxatuz.
Ildo beretik, Bermeoko Udalak dei egin die herritarrei, asteazken honetan Vuelta herri bizkaitarretik igaroko den bitartean, "Palestinaren aldeko era guztietako ikurrak" eraman ditzaten, gertatzen ari den "genozidioa" salatzeko. "Bermeoko herriaren sentimenduaren protesta baketsua izatea nahi dugu", azaldu du Nadia Nemeh alkateak.
Txirrindulari taldea
Bestalde, Gernika-Palestinatik UCIri (Union Cycliste Internationale frantsesez) eta lasterketaren antolatzaileei egotzi diete Israel-Premier Tech taldeari parte hartzen uztearen errua. Deitoratu dutenez, talde horrek "Israelgo estatuaren enbaxadore" gisa hartzen du bere burua. Hori dela eta, "estatu genozida baten enbaxadoreak" direla salatu dute herri-ekimeneko kideek, eta "zuzendariek eta arduradunek Netanyahurekiko dituzten harremanak, loturak eta atxikimendua goraipatzen dituzte".
Kontuak horrela, azpimarratu dute ezin dela izan horrelako talde bat normaltasunez aritzea nazioarteko lehiaketa batean, “munduko zigorgabetasun guztiarekin".
UCI "talde honek nazioarteko txapelketetan parte hartu dezakeen ala ez erabakitzeko arduradun nagusietako bat" dela azpimarratu ostean, "erakunde eta lehiaketa mailan kontuan har daitezkeen erantzukizun ezberdinak" daudela esan du Gernika-Palestinak. Hori horrela, Vueltako antolatzaileek "UCIri zuzenean dei diezaiokete horrelako taldeak euren ekitaldira joan ez daitezen", herri-ekimenekoen arabera.
Era berean, antolatzaileen jarrera ere gogor kritikatu dute: "Baliteke salaketen eta herritarren talde ezberdinek egiten ari diren manifestazioen aurka ez egitea, baina Palestinako banderak kentzen ibili dira ibilbidean zehar, eta hori ez da UCIren erantzukizuna, Vueltako antolakuntzarena bakarrik baizik".
Kazeroladak
Gernika-Palestinatik ere dei egin dute ostegun honetan, 19:00etan, udaletxeen aurrean kazerolada batean parte hartzera, "ahotsa altxatzeko", Gazan bizi den egoeraren aurrean "nazkatuta" daudela irudikatzeko eta "genozidio hau lehenbailehen amai dadin" urratsak emateko eskatzeko.
Azkenik, Palestinako herriarekiko elkartasun mezua zabaltzeko udako jaietan bultzatutako zapi solidarioaren kanpainari dagokionez, Meñikak adierazi du dagoeneko 30.000 zapi baino gehiago saldu direla, eta iragarri du ekimen hori bultzatzen jarraituko duela iraileko eta urriko jaietan.
Zure interesekoa izan daiteke
Irailean Euskal Herriaz gozatzeko hamar plan
Jaiak, estropadak, zinema- eta dantza-jaialdiak, kontzertuak eta mahats-bilketa. Iraila proposamenez betetako hilabetea da Euskal Herrian.
Urzainkiko baso-sutea berpiztu egin da
Sutea abuztuaren 14an piztu zen, eta joan den astean kontrolpean hartzea lortu zuten.
Ehunka neskatok kale gorrian jarraitzen dute Ceutan
Espainiako Gobernuak behin-behineko harrera-zentro bat zabaldu du astelehen honetan Ceutako hipikan, eta horra bideratu dituzte 320 emakume eta neskato. Hala ere, leku gehiago behar dute, eta askok kalean jarraitzen dute, duela hilabetetik.
Berdintasun Ministerioaren datuen arabera, 21 sexu-eraso izan dira Ceutan
Hala ere, Fiskaltzak 23 eraso zenbatu ditu, eta bederatzi biktima adingabeak direla ohartarazi du, 14 eta 17 urte bitartekoak.
Espainiako Futbol Federazioa akordio bat ixtear da ugalkortasun klinika batekin, jokalariek etorkizunean ama izateko aukerak izan ditzaten
Gero eta gehiago dira obozitoak atera eta gordetzeko hautua egiten duten emakumezko kirolariak. Europako liga eta klub askok akordioak dituzte ugalkortasun klinikekin eta hala nahi duen jokalariari aukera hori eskura jartzen diote.
Guardia Zibilak furgoneta baten gidariari lagundu behar izan dio Sartagudan, errepidea hondoratu ostean
Agenteek egiaztatu dutenez, gidaria, 67 urteko Sartagudako bizilaguna, ez da zauritu eta ez dute ospitalera eraman behar izan.
Harrera Sareak Donostiako Udalaren "jarrera erabat diskriminatzailea eta arrazista" salatu du
Elkarteak adierazi du ezin dela "elkartasuna zelatatzea, jazartzea eta zehapenekin mehatxatzea normalizatu", "laguntzea ez baita delitua".
Nafarroan harrera zentro batetik atxikitako sei urteko mutil bat erreskatatu dute
Foruzaingoak haurraren bi senide atxilotu ditu eta beste hiru pertsona ikertzen ari da, autoz egindako ihesaldi arriskutsu baten ondorioz.
Gizon bat atxilotu dute Tuteran, seme-alaba adingabeen aurrean emazteari eraso egiteagatik
Igandean hartu zuten atxilo, 01:00a aldera. Emakumeari larrialdietara lagundu zioten foruzainek, eta etxera itzuli zen ordu batzuk geroago; gizona, berriz, polizia-etxera eraman zuten.
Hiru egunetan desmuntatuko dituzte konpartsek Aste Nagusiko txosnak
Atzo, igandea, amaitu ziren Bilboko jaiak eta datorren irailaren 3a baino lehen dena batuta egongo da.