Elkarrizketa Radio Euskadin
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pedrosa: "Segregazioaren aurkako lantaldea datorren astean bilduko da, Hezkuntzaren etorkizunari buruz hausnartzeko"

"Maiatzerako prozesua amaitu eta oinarriak ezarri nahi ditugu. Hezkuntzan etorkizunari begiratu behar zaio beti, eta adostutako erabakiak hartu egin behar dira, erronka demografiko eta aldaketa sozial oso handiak baititugu Euskadin", esan du Hezkuntza sailburuak.

Hezkuntza sailburua Radio Euskadiko "Boulevard" saioan

Begoña Pedrosa, Hezkuntza kontseilaria

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak Radio Euskadiko "Boulevard"saioan adierazi duenez, Euskadin segregazioaren aurkako ituna landuko duen lantaldea datorren astean bilduko da lehen aldiz, hezkuntzaren etorkizunari buruz hausnartzeko.

"Maiatzerako prozesua amaitu eta oinarriak ezarri nahi ditugu. Hezkuntzan etorkizunari begiratu behar zaio beti, eta adostutako erabakiak hartu behar dira, erronka demografiko eta aldaketa sozial oso handiak baititugu Euskadin", esan du.

Iaz hitzartutako bide-orriak jasotzen duen bezala, itun horrek ikasleen ongizatea eta emaitza akademikoen hobekuntza bilatuko ditu. Zentzu horretan, sailburuak aurreratu du udazkenean argitaratuko dituzten emaitzak "iazkoak baino hobeak" izango direla.

Ikasturte hasiberriak ekarriko dituen berrikuntzei dagokienez, Pedrosak adierazi du neurri berriak hartuko dituztela, ikastetxeetan desburokratizazioa bultzatzeko urratsak emango direla eta baliabide gehiago jarriko dituztela hizkuntza indartzeko bidean.

"Hezkuntza Berezian gero eta premia gehiago hautematen dira, eta, horrenbestez, baliabide gehiago behar ditu sistemak, aniztasun horri erantzuteko eta kasuan-kasuan jardunbidea egokia izan dadin", gaineratu du.

Azpimarratu duenez, ikasgeletan geroz eta ikasle gutxiago dauden arren, haur asko ari dira heltzen beste herrialde batzuetatik. "2020-2021eko ikasturtean zehar 2.500 ikasle iritsi ziren; eta 2024-2025ekoan, berriz, ia 8.000".

Gizarteari buruzko albiste gehiago

Gehiago kargatu