Gizon bat atxilotu dute Gasteizen bikotekide ohiari sexu-erasoa egiteagatik
41 urteko atxilotua Arriagako parkean atzeman dute lekuko batzuek biktimari erasotzen harrapatu ostean. Epaileak berehala espetxeratzeko agindua eman du.
Ertzaintzak 41 urteko gizon bat atxilotu du Gasteizen, bikotekide ohiari sexu-erasoa egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atxilotuak sexu-harremanak izatera behartu zuen emakumea, Arriagako parkean.
Erasoa ostiral arratsaldean izan zen, 16:30ean. Hainbat herritarrek emakume baten oihuak entzun zituzten, eta Ertzaintzari deitu zioten. Agenteak heldu zirenean, emakumea korrika abiatu zen haiengana, eta ustezko erasotzailea gerritik behera biluzik aurkitu zuten.
Biktimaren testigantzaren arabera, bikotekide ohiarekin geratuta zegoen objektu pertsonal batzuk itzultzeko. Hala ere, behin parkean zegoela, atxilotutako gizonak emakumea atxiki eta immobilizatu zuen.
Ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten, sexu-askatasunaren aurkako delitu bat egotzita, eta ertzain-etxera eraman zuten. Beharrezko eginbideak bete eta epaile aurrera eraman ostean, epaileak berehala espetxeratzeko agindua eman du.