29 urteko gizon bat hil da Baionako Gurutze Sainduaren elizako teilatutik erorita
Teilatua hautsi egin da, bi pertsona argazki bat egitera igo direnean; horietako bat teilatutik helduta geratu da, baina bestea erori egin da, eta bertan hil da.
Gurutze Sainduaren eliza, Baiona. Argazkia: EITB MEDIA.
29 urteko gizon bat hil da gaur goizean Baionan, Gurutze Sainduaren elizan barrualdera erorita. Izan ere, teilatua hautsi egin da lagun batekin argazki bat ateratzera igo ostean.
Ici Pays Basque irratiak jakinarazi duenez, istripua goizeko seiak aldera gertatu da, festa batetik bueltan. Teilatuak ez dio bi gizonen pisuari eutsi, eta bietako bat eliza barrura erori da.
Biktimaren lagunak eustea lortu du, baina ospitalera eraman behar izan dute; 29 urteko gizona, berriz, bertan hil da.
Baionako alkatea istripua gertatu eta berehala bertaratu da. Eliza itxita eta inguratuta izango da gertatutakoa argitu arte.