CIC bioGUNEren ikerketa batek gibeleko minbizi arraro eta oldarkor bat tratatzeko bide berri bat aurkitu du
Laborategi bateko artxiboko argazkia. Egile eskubiderik gabeko irudia
CIC bioGUNEko ikertzaile talde batek gibeleko minbizi arraro eta oldarkor bat tratatzeko bide berri bat aurkitu du.
Biozientzien euskal ikerketa zentroak ohar bidez jakinarazi duenez, azterlanak ondorioztatu du CNNM4 proteina —magnesioa garraiatzeko funtsezkoa dena— gehiegi sortzen dela kolangiokartzinoman (CCA).
Gut aldizkarian argitaratu berri den aurkikuntza horren arabera, CNNM4 blokeatuta posible izango litzateke minbizi horren aurkako tratamendu seguru eta eraginkor bat garatzea.
Malu Martinez-Chantar (CIC bioGUNE eta CIBERehd ikertzaile nagusia) eta Naroa Goikoetxea doktoreek zuzendu dute ikerketa, nazioarteko hainbat ikerketa zentrorekin lankidetzan.
Ikertzaileek, behin CNNM4 proteina hori blokeatuta, tumorearen hazkundea moteltzea, kimioterapiarekiko erresistentzia murriztea eta tumore zelulen hedapena prebenitzea lortu dute.
Aipaturiko gibeleko minbizi hori askotan berandu diagnostikatzen da, eta oso erresistentea da tratamenduarekiko. Gutxi gorabehera, gaixoen % 20-30ari egiten diete tumorea erauzteko ebakuntza, eta, hori eginda ere, biziraupen tasa txikia da.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak