Euskal Selekzioak eta Palestinak lagunarteko futbol partida jokatuko dute San Mamesen azaroaren 15ean
Espainiako agintarien arabera, ez da kirol ekitaldi huts bat izango, eta Palestinan pairatzen ari diren "giza eskubideen urraketa guztiak" ikusarazteko ere baliatuko dute lagunartekoa.
Euskal Selekzioak eta Palestinak lagunarteko futbol partida jokatuko dute Bilboko San Mames futbol zelaian azaroaren 15ean, Cadena Ser irratiak aurreratu duenez.
Palestinako Futbol Federazioak albistea baieztatu dio irratiari, Euskadiko Futbol Federazioarekin "lankidetza estuan" aritu ondoren. Era berean, Espainiako Gobernuko agintariek ere horren berri izan dute.
Agintari horien arabera, norgehiagoka ez da kirol ekitaldi huts bat izango, Palestinan pairatzen ari diren "giza eskubideen urraketa guztiak" ikusarazteko ere baliatuko dute lagunartekoa.
Horrela, azken urteetan Euskal Selekzioak Gabonetan jokatu badu ere, oraingoan lehenago jokatuko du, Ligaren etenaldiarekin batera, FIFA datetan.