Komunitate palestinarrak genozidioaren aurkako manifestazioa deitu du asteazkenerako Zinemaldian
Euskal Herriko komunitate palestinarrak, Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordean bilduta, Israelen okupazioa eta Palestinaren kontrako genozidioa salatzeko manifestazioa deitu du Donostian, Zinemaldian The Voice of Hind Rajab pelikula emango dutela baliatuta.
Martxa irailaren 24an, asteazkenarekin, egingo dute, 18:30etan, Gipuzkoako hiriburuko Okendo plazan. Hain zuzen, ordu horretan bukatuko da, alboan dagoen Victoria Eugenia antzokian, Kaouther Ben Haniak zuzendutako pelikularen emanaldia.
Hind Rajab 6 urteko neskato gazatarren istorioa kontatzen du pelikulak, 2024ko urtarrilean gertatutakoa. Umea auto batean harrapatuta geratu zen, Israelen eraso baten ostean. Bere familia guztia galdu zuen, eta Israelek erreskatatzera zihoazenak ere hil zituen.
Batzordeak salatu duenez, “hau ez da istorio isolatu bat: egunerokoa da Palestinan”. “Suntsitutako familiak, exekutatutako haurrak, etxe eta kultura-erakundeak, hondakin bihurtu dituztenak”, gehitu dute komunitate palestinarraren ordezkariek.
Palestina “mapatik ezabatu nahi duen” Israelen okupazioaren aurrean, batzordeak umeen hilketak, Gazako genozidioa eta nazioarteko komunitatearen zati handi baten “isiltasun konplizea” salatzeko martxa egiteko deia egin die zinema munduari eta euskal jendarteari.
BDS eta Gernika-Palestina bezalako elkarteez gain, Euskal Aktoreen Batasunak eta artisten, zineko teknikarien eta kultur sortzaileen elkarteek ere babestu dute deialdia.
“Donostiako kaleak duintasunez bete daitezela, Hinden oroimenez, haren familiaren oroimenez, eraildako haur, zinemagile, osasun-langile, kazetarien eta beste askoren oroimenez, eta haren askatasunaren alde borrokatzen den herri oso baten oroimenez”, eskatu dute.