Ikerketapean dira Paisaiako arrantza-ontzi bateko hiru tripulatzaile matxinada bat antolatzeagatik
Guardia Zibilak azaldu duenez, tripulatzaileak ikerketapean dira kapitaina mehatxatzeagatik eta, horietako bi, ontziaren armadoreari erasotzeagatik.
Ikerketapean dira Pasaiako arrantza-ontzi bateko hiru tripulatzaile, ustez, ontzian matxinada bat antolatzeagatik. Dirudienez, hori dela eta, Gijongo portuan lehorreratu behar izan zuten ontzia.
Guardia Zibilak azaldu duenez, tripulatzaileak ikerketapean dira kapitaina mehatxatzeagatik eta, horietako bi, ontziaren armadoreari erasotzeagatik.
Gertaera joan den larunbat eguerdian jazo zen. 15:00ak aldera, larrialdi-zerbitzuek alerta-deia jaso zuten, Ribadesellatik (Asturias) iparraldera 12 bat miliatara arrantzan ari zen ontzi baten partez. Kapitainak salatu zuenez, ontziko 16 tripulatzaileetatik 12k mehatxuak egin zizkioten (senegaldar jatorrikoak). Guardia Zibileko iturriek zehaztu dutenez, arrantza-ontziko patroiak orduan Gijongo porturantz jotzea erabaki zuen, "itsasontziari kalterik eragin ziezaioketen beldur".
Gertatutakoaren berri izan zutenean, Guardia Zibilaren patruila-ontzi bat arrantza-ontzia laguntzera abiatu zen. Villaviciosatik iparraldera itsasontzia ikusi eta kapitainarekin harremanetan jarri ondoren, egoera normalizatuta ikusi zuten, eta ez zuten itsasoan inolako esku-hartzerik egin izan behar.
Portu horretako Guardia Zibilaren Atal Fiskaleko eta Asturiasko Eremuko Polizia Judizialaren Unitate Organikoko kideak zain zeuden, eta gertakariei buruzko ikerketa abiatu dute.
Guardia Zibileko agenteek deklarazioa hartu diete tripulazioko hiru kideri, ustez, mehatxu- eta eraso-delituengatik.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda