Bypassa ezarri dute AP-8an, Deban, eta errei bana dago zabalik noranzko bietan
Kamioi baten atoiak su hartu du, 14:00ak aldera. Autobidea itxi egin dute eta zirkulazioa N-634 errepidetik bideratu dute, suhiltzaileak lanean ari ziren bitartean. Arratsaldean auto-ilarak izan dira inguruan.
AP-8 autobidea itxi egin behar izan dute astelehen arratsaldeko lehen orduan, Deba parean, Irunerako noranzkoan, bost orduz, kamioi batek su hartu duelako. 19:30ak aldera, 2 kilometroko bypassa ezarri dute, eta errei bat zabaldu dute noranzko bakoitzean. 22:00ak aldera askatu da korapiloa.
14:08ak aldera kamioi baten erdi-atoiak su hartu du, AP-8 autobidean. Irunerako noranzkoan trafikoa eten dute Elgoibarren, eta zirkulazioa N-634 errepidetik bideratu dute.
Suhiltzaileak istripua izan den tokira bertaratu dira, eta garrak itzaltzeko eta ingurua garbitzeko lanean aritu dira.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Sailak gomendatu du inguru horretan ez ibiltzea, garbiketa-lanek jarraitzen duten bitartean ordezko bideak erabiltzea.