Ane, Laia eta June, eta Oihan, Martin eta Markel dira neska-mutil jaioberrien izen ohikoenak
Ane da, 1998tik, neska izena aukeratzeko orduan gurasoen kutunena Euskal Autonomia Erkidegoan, hirurteko datuak kontuan hartuta. Mutil izenen kasuan, Oihan izena laugarren tokitik lehenengora igaro da.
Haur jaioberri bat, artxiboko irudia.
Seme-alabei izena jartzeko orduan, Ane, Laia eta June, eta Oihan, Martin eta Markel dira gurasoen kutunenak Euskal Autonomia Erkidegoan.
2022-2024 artean jaiotakoen izenei buruz Eustatek astearte honetan emandako informazioaren arabera, Ane da, 1998tik gaur arte, zerrendan lehena hirurteko datuak kontuan hartuta. Mutil izenen kasuan, Oihan izena laugarren tokitik lehenengora igaro da.
Laugarren, bosgarren eta seigarren tokian daude Malen, Nora eta Nahia; eta Julen, Aimar eta Luka.
Aurreko hirurtekoarekin alderatuta, Maren sartu da aurreneko 25 neska-izenen artean, eta Naia, berriz, zerrendatik kanpo geratu da. Mutil-izenei dagokienez, Hugo, Paul, Izan eta Liam sartu dira, eta Iker, Ekhi, Adei eta Hodei, aldiz, atera.
Atzerriko nazionalitatea duten amek ere euskal izenak aukeratzen dituzte alabentzat
EAEn bizi diren guraso atzerritar askok ere euskal izenak jartzen dizkiete seme-alabei. 2022-2024 aldian jaiotako haurren % 25,1en amak atzerritarrak ziren.
Hala, bi euskal izen daude atzerritar jatorriko herritarren bost neska izen gogokoenen artean: Alaia (arabieraz ere badu esanahia) eta Ainara, bigarren eta bosgarren, hurrenez hurren. Zerrendan bigarrena Amira dago, hirugarrena, Sofia, eta laugarrena, Sara.
Mutil-izenen artean, ez dago euskal izenik lehenengo bosten artean. Ander da agertzen lehena, hamargarren postuan. Lehenengo postuan Adam agertzen da, bigarrenean Mohamed, hirugarrenean Mateo, laugarrenean Rayan eta bosgarrenean Liam.
TOP 10
Neskak
1 Ane
2 Laia
3 June
4 Malen
5 Nora
6 Nahia
7 Alaia
8 Maddi
9 Lucía
10 Irati
Mutilak
1 Oihan
2 Martin
3 Markel
4 Julen
5 Aimar
6 Luka
7 Jon
8 Aiur
9 Luken
10 Ibai