100.000 biztanleko 15 psikiatrako ratioarekin, EAE da Estatuan arreta psikiatriko gehien ematen duena
Osasun mentaleko arretan, gizartean eragin handia duten arazo konplexuei aurre egiteko proiektu estrategikoak garatzen ditu Osakidetzak, hala nola suizidioaren prebentzioa, lehen gertakari psikotikoetan esku hartzea edo elikadura-nahasmenduen arreta.
Osakidetzako osasun arloko profesionalak. Argazkia: Irekia
Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei arreta integrala, hurbila eta espezializatua emateko konpromisoa berretsi dute ostiral honetan, urriak 10, Osasun Mentalaren Munduko Egunarekin bat etorriz.
Testuinguru horretan, Euskadi arreta psikiatrikoaren arloan erreferentzia da Espainiako Estatuan, 100.000 biztanleko 15 psikiatrako ratioarekin. Datu horrek azken urteotan osasun mentala modu egokian artatzeko sare publikoan egindako ahalegina islatzen du.
Euskadiko Osasun Itunean adostu bezala, Osasun Saila osasun mentaleko sarea indartzeko proposamen bat lantzen ari da, urtea amaitu aurretik aurkezteko. Horretarako, diziplina anitzeko lantalde bat eratu da, besteak beste, psikiatrek, psikologoek, haur-psikiatrek, erizainek eta pazienteek osatua.
Estatuko erreferentziazko adituek ere parte hartzen dute. Talde honek ekimenak aztertzen ditu, esperientziak partekatzen ditu eta tresna eta soluzioak diseinatzea du helburu, pazienteei zein haien familiei osasun mentalaren arloko arreta- eta errekuperazio-prozesuan laguntzeko.
Osasun mentaleko arretan, gizartean eragin handia duten arazo konplexuei aurre egiteko proiektu estrategikoak garatzen ditu Osakidetzak, hala nola suizidioaren prebentzioa, lehen gertakari psikotikoetan esku hartzea edo elikadura-nahasmenduen arreta goiztiar intentsiboa.
Laburbilduz, Euskadik ongizate mentala bermatzeko konpromisoa indartzen jarraitu nahi du, arreta hurbilagoarekin, eta epe luzerako begirada batekin, osasun mentala tabu izatetik lehentasun izatera pasa dadin.