Autobus batek eta bi autok aurrez aurre jo dute Gasteizen, eta hainbat lagun zauritu dira; horietako bat larri dago
Istripua izan duen autoetako bat Udaltzaingoarena da. Ezbeharra 13:45 aldera gertatu da, Araba kalean, EHUko unibertsitate-campusetik hurbil. Zirkulazioa etenda dago une honetan.
Trafiko istripu larria gertatu da Gasteizen. Hainbat pertsona zauritu dira, eta horietako bat larri dago, autobus batek eta bi autok, tartean Udaltzaingoaren auto bat, elkar jo dutelako.
Udaltzaingoak jakinarazi duenez, istripua 13:45 aldera gertatu da, Araba kalean, EHUko campusetik hurbil, eta ikerketa abiatu dute zer gertatu den argitzeko.
Antza, polizia-ibilgailuak aurrez aurre jo du Aldundiaren eskumenekoa den Alavabus autobusaren aurka.
Medikuak eta suhiltzaileak bertaratu dira, eta hainbat zauritu artatu dituzte. Oraingoz, bi pertsona eraman dituzte ospitalera, horietako bat, larri.
Istripuaren ondorioz, zirkulazioa etenda dago, eta horrek Tuvisa eta EIB hiri autobusen 8. lineari ere eragiten dio. Gainera, hainbat geltoki daude zerbitzurik gabe, eta trafiko arazoak ere ugariak dira.