Mazonen dimisioa eskatu dute berriz ere, uholdeen urteurrenaren atarian: "Aldarrikapenerako eta memoriarako unea da"
Manifestazioa hasi denean, goialdeko borraskaren biktimen erakundeko presidente Marilo Gradolik atesekabetuta esan du urtebete geroago argitu gabe dagoela zer ari zen egiten Mazon urrriaren 29ko arratsalde hartan. "Egia nahi dugu, biktimengatik eta egun hartan gaizki pasatu zuten pertsona guztiengatik", nabarmendu du.
Manifestazio jendetsua egin dute Valentzian. Argazkia: EFE
Manifestazio jendetsua —orain arteko hamabigarrena— egin dute arratsaldean Valentzia erdigunean, bertako Gobernuko presidente Carlos Mazonen dimisioa eskatzeko, iazko urriaren 29an, goialdeko borraska gertatu zenean, maila eman ez zuelako. "Mazon errudun", "Mazon espetxera", "Ez dugu ahaztuko, ez dugu barkatuko" eta antzeko oihuak entzun dira protestan, "aldarrikapenerako eta memoriarako unea den honetan"
Zorigaitzak Valentzia astindu zuenetik urtebete igaro denean, manifestaziorako deia egin dute berriro ere antolatzialeek, eta traktoreen atzean eman dituzte lehen urratsak martxa horretan bildutakoek.
Kartel asko ikusi dira protestan, bai eta Mazonen eta presidenteorde Susana Camareroren panpinak ere, eskuak odolez beteta eta hildakoen argazkiekin nahastuta: "Justizia", "Zuengatik gaude hemen" eta gisa horretako esaldiak zituzten idatzita pankarta eta karteletan.
Manifestazioa hasi denean, goialdeko borraskaren biktimen erakundeko presidente Marilo Gradolik atesekabetuta esan du, komunikabideen aurrean, urtebete geroago argitu gabe dagoela zer ari zen egiten Mazon arratsalde hartan. "Egia nahi dugu, biktimengatik eta egun hartan gaizki pasatu zuten pertsona guztiengatik", nabarmendu du.
Omenaldi hunkigarria egin diete Valentziako depresio isolatuan hildakoei
Urriaren 29an beteko da urtebete Valentzian goi geruzetako depresio isolatua (GOIDIa) izan zenetik, eta urteurrena baliatuz, Valentziako gizarteak omenaldi hunkigarri eta beroa egin die uholdeetan hildako 229 herritarrei. Besarkada sinbolikoa eman nahi izan diete biktimei eta horien senitartekoei, eta egia eta justizia eskatu dituzte.
2024ko urriaren 29ko goi-geruzetako depresio isolatuaren biktimen elkarteak antolatu du omenaldia, L'Horta Sud Kaltetuen Elkartearekin elkarlanean, Valentziako Olympia Antzokian.
Hildako bakoitzaren argazkia eta izenak proiektatu dira ekitaldian, baita uholdeek utzitako suntsiketaren irudiak ere. Biktimen senide eta lagunek lekukotza gogorrak irakurri dituzte, hildakoak gogoratuz eta mina partekatuz.
Beatriz Garrote 2006ko Valentziako Metroko Biktimen Elkarteko presidentea ere izan da bertan. Hitza hartu, eta adierazi du "ohorea" dela biktimen senideei "arnasa eta babesa eman ahal izatea", "bide luzea" izango baita. "Ez zaitezte bakarrik sentitu, ez baitzaudete", esan die.
Antzoki osoa zutik jarrita, txalo zaparrada handi batekin amaitu da bi ordu iraun duen ekitaldia, agertokian lokatzez zikindutako botak, erratzak eta kuboak zeudela. Atzean, boluntarioak eta biktimen hiru elkarteetako presidenteak zeuden, pankarta bati eusten. "Eta orain denok altxa dezagun ahotsa, jada altxa ezin duten horiengatik" zihoen, valentzieraz.
"Mazón, dimisión" oihukatuz amaitu da ekitaldia, gaur arratsaldean Valentziako erdigunea zeharkatuko duen manifestazioaren lelo nagusia oihukatuz, alegia. Milaka lagunek Valentziako Generalitateko presidentearen dimisioa eskatu dute berriz ere, depresio isolatua izan zenean egindako kudeaketagatik.
Bertan bildutakoen artean, Diana Morant Zientzia ministro eta PSPV-PSOEko idazkari nagusia, Pilar Bernabe Valentziako Gobernuko ordezkaria eta Monica Oltra Valentziako Gobernuko presidenteorde ohia zeuden.