Urriaren 15ean greba egin zutenek jaso ez duten soldataren zenbatekoa Gazan azpiegiturak eraikitzera bidera dezatela eskatu dute Nafarroako irakasleek
Hezkuntza kontseilariari eskatu diote lanuzteen ondorioz soldatan deskontatutako dirua UNRWAra bideratzeko, Palestinako hezkuntza-azpiegiturak berreraikitzeko.
Palestinaren alde urriaren 15ean egindako manifestazioetako bat. Argazkia: EFE
Irakasleok Palestinarekin kolektiboak kanpaina bat hasi du Nafarroako Gobernuari eskatzeko urriaren 15eko Palestinako herriaren aldeko lanuzteen eta grebaren ondorioz deskontatutako dirua Gazan hezkuntza-instalazioak berreraikitzeko erabil dezala, Nazio Batuen mendeko UNRWA erakundearen bidez.
Irakasleek adierazi dutenez, "Israelek gaur bertan bonbardatu du Gaza, eta su-eten akordioa urratu", eta azpimarratu dutenez, orain arte, Israelek "Gazako hezkuntza-azpiegitura guztiak suntsitu ditu, NBEren eskolak ere bonbardatu baititu, eta, horregatik, haur gazatarrek bi urte daramatzate eskolara joan gabe eta genozidio honetan bizirik irauteko borrokan".
Horregatik guztiagatik, aipatutako eskaera egin dute, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari zuzendutako gutunarekin batera. Horretan, "soldatatik deskontatutako dirua Palestinan eskola-azpiegiturak berreraikitzeko UNRWAri bideratzeko" eskatzen zaio.