Auto-ilara luzeak BI-30 errepidean, Sondikan, eta A-8 autobidean, Arrigorriagan
Arazo handiak izan dira zirkulazioan ostiral arratsaldean EAEko errepide-sareko bi puntu horietan, bi zirkulazio-istripuren ondorioz.
Auto-ilara luzeak sortu dira ostiral arratsaldean euskal errepide-sareko bi puntutan, ibilgailuen joan-etorrian eragin handia izan duten bi zirkulazio-istripuren ondorioz, Trafiko Zuzendaritzak jakitera eman duenez.
Lehenengo istripua BI-30 errepidean jazo da, Sondikan, Gurutzetara bidean. Horren ondorioz, hiru errei itxi dituzte, eta 7 kilometrorainoko ilarak sortu dira. Gainera, pilaketak BI-631 eta BI-737 errepideetara heldu dira.
Bestalde, bigarren istripu bat izan da A-8an, Arrigorriagan, Kantabriara bidean. Bi ibilgailuk talka egin dute Malmasin inguruan, ezkerreko erreian geratu dira traban, eta 5 kilometrorainoko ilarak sortu dira.
Agintariek arreta handiz ibiltzeko eskatu diete gidariei, eta larrialdietako ibilgailuei pasatzen uzteko, asko Usansoloko Ospitalera doazelako.