3.000 euro ordaintzeko prest zegoen bikote bati jaioberri bat erostea galarazi diote Malagan
Erregistro Zibilean guraso gisa ageri zen gizona ez da haren aita biologikoa, baizik eta, haurtxoaren amarekin adostuta, aita gisa izendatzeko prest zegoen pertsona. Jaioberria erosi nahi zuen bikoteak ezin du seme-alabarik izan.
Malagan jaio berri den neskato bat legez kanpo bikote baten esku uztea zapuztu du Espainiako Poliziak. Bi aldeek hitzartutako akordioaren arabera, ama biologikoak 3.000 euro jasoko zituen.
Jaioberria probintziako ospitale batera eraman ondoren abiatu zuten ikerketa. Ama biologikoak hainbat kontraesan esan zizkien agenteei ustezko aitaren ahaidetasunarekin lotuta, Erregistro Zibilean hura inskribatuta zegoen arren.
Agenteek egiaztatu dute ama biologikoak akordio ekonomiko bat lortu zuela guraso izateko tratamenduan zegoen bikote batekin. Ildo horretatik, Erregistro Zibilean guraso gisa ageri zen gizona ez da haren aita biologikoa, baizik eta, haurtxoaren amarekin adostuta, aita gisa izendatzeko prest zegoen pertsona.
Ikerketak agerian utzi du bikotea haurtxo horren ama biologikoarekin kontaktuan jarri zela, umerik ezin zutela izan ikusita, eta jaioberria bi horien alaba gisa inskribatzea onartu omen zuen haren benetako amak.
Dena dela, azkenean ez zen gauzatu Poliziaren esku-hartzeari esker.
Egun, jaioberria harrera-etxe batean dago, eta beharrezko arreta eta babesa jasotzen du bertan. Inplikatuak, bestalde, inputatu egin dituzte.