Betetzeko zailak diren lanpostuen LEPean eskainitako 169 plazetatik % 45 hutsik daude
Guztira, 169 lanpostu eskaini ziren deialdian, baina 75ek uko egin diote plazari edo eszedentzia eskatu dute. Hori gertatu da, hain zuzen ere, Familia Medikuntzako 60 lanpostutan, Pediatriako 10etan eta Psikiatriako 5etan.
Osakidetzako osasun zentro bat. Artxiboko argazkia: Europa Press
Betetzeko zailak diren lanpostuen Osakidetzako lan-eskaintza publikoan eskaini ziren 169 plazetatik 77 (% 45) bete gabe daude oraindik, Osasun Sailak jakinarazi duenez. Guztira, 169 lanpostu eskaini ziren deialdian, baina 75ek uko egin diote plazari edo eszedentzia eskatu dute.
Osakidetzak betetzeko zailak diren lanpostuen arazoari buru emateko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lan-eskaintza publikoa deitu zuen uda aurretik.
LEP horren bidez, 169 lanpostu bete nahi zituen Osasun Sailak (130 Familia Medikuntzan, 21 Pediatrian, 12 Psikiatrian eta 6 Haur Psikiatrian), eta 800 lagunek baino gehiagok eman zuten izena. Haur Psikiatriako 2 lanpostu, ordea, hutsik geratu ziren.
Plazak hartzeko epea urriaren 2an amaitu zen, eta geroztik 75ek uko egin diote lanpostuari edo eszedentzia eskatu dute. Hori gertatu da, hain zuzen ere, Familia Medikuntzako 60 lanpostutan, Pediatriako 10etan eta Psikiatriako 5etan.
Hutsik geratu ziren Haur Psikiatriako bi lanpostuak gehituz gero, 77 lanpostu daude bete gabe, Osasun Sailak Laura Garridok (PP) egindako galderari erantzunez Eusko Legebiltzarrera igorritako txostenaren arabera.
Osasun Sailak azaldu duenez, plaza lortu ez zutenei eskainiko zaizkie bete gabe gelditu diren lanpostuak.
Zure interesekoa izan daiteke