Iruñeko sutearen ondorioz etxetik atera zituzten bizilagunak etxera itzuliko dira egunean zehar
Suhiltzaileek lokalaren barruko puntu beroetan lanean jarraitzen dute, baina sutearen bilakaerak hesitutako eremua murriztea eta oinezkoentzako sarbidearen zati bat irekitzea ahalbidetu du. Iruñeko Udaltzaingoak adierazi duenez, bizilagunen itzulera atari bakoitzeko balorazio teknikoaren araberakoa izango da.
Iruñeko Marcelo Celayeta etorbideko denda batean piztutako sutearen ondorioz atzo etxetik atera zituzten bizilagunak pixkanaka euren etxebizitzetara itzultzen hasi daitezke gaur, Iruñeko Udaltzaingoak baieztatu duenez.
Kontsultatutako iturrien arabera, suhiltzaileek eta teknikariek erabakiko dute kasu bakoitzean itzultzeko baldintzak betetzen diren ala ez. Etxebizitza batzuetan, bereziki istripua izan duen lokalaren gainean daudenetan, itzulera ez da berehalakoa izango, lehen solairuan oraindik tenperatura altua baitago.
Suhiltzaileek sua itzaltzeko lanekin jarraitzen dute, denda barruko puntu beroetan, eta suaren bilakaerari esker, hesitutako perimetroa murriztu egin da. Garde eta Antsoain kaleen artean zirkulazioa moztuta dago, baina espaloia oinezkoentzako pasabidera irekita dago.
Kaltetutako lau atarietako egoiliarrek senideen eta hurbilekoen etxeetan edo Iruñeko Udalak egokitutako bizitegi-baliabideetan igaro dute gaua.
Polizia Nazionalak zabalik du oraindik sutearen arrazoiak argitzeko ikerketa. Sutea arratsaldeko bost eta erdiak inguruan hasi zen, eta, lehen informazioen arabera, dendan zeuden pertsonak sutea itzaltzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu.
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon bat atxilotu dute Iurretako paper fabrikan izandako sutean nahasita dagoelakoan
36 urteko gizona, enpresako langilea, atzo goizean atxilotu zuten kalteak egitea egotzita. Gaur eraman dute epailearen aurrera. Ikerketak irekita jarraitzen du.
Etxebizitza batetik erori den emakume baten heriotza ikertzen ari dira Iruñean
Gertakariak bart jazo dira, Sanduzelai auzoan. Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du biktimarengandik urruntzeko zuen agindua urratzeagatik, eta ikerketa abiatu du erorketak eta urraketak zerikusirik duten argitzeko.
Basauriko hilketa matxistaren ustezko egilea espetxeratu dute, indarkeriaz egindako lapurreta bat egotzita
Bilboko Udaltzaingoak ostiral gauean atxilotu zuen, lapurtzeko asmoz bi gizon jotzea egotzita. Ordu batzuk lehenago, arratsaldean, beste pertsona batek haren kontrako salaketa jarri zuen, lesio larriak eragitea egotzita. Duela astebete pasatxo utzi zuen aske Bilboko Guardiako Epaitegiak.
Emakume baten gorpua aurkitu dute Zumaiako Itzurun hondartzan
Paseatzen ari zen pertsona batek aurkitu du hilotza, eta indarkeria zantzurik ez badu ere, Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.
Bi gizon atxilotu dituzte Tolosan pertsonen trafiko irregularra egotzita
Larunbat goizaldean, Ertzaintzaren patruila batek ibilgailu bat geldiarazi zuen, eta jabetu zen barruan sei pertsona zihoazela, bat maletategian. Gerora egiaztatu zutenez, bidaiariek dirua ordaindu zuten Irunera eta Parisera eramatearen truke. Gidaria eta maletategian zihoan gizasemea atxilotu, eta ertzain-etxera eraman zituzten, epailearen esku utzi aurretik egin beharreko izapideak betetzera.
Etxebizitza eraikin bat jendez hustu dute sute baten ondorioz, Ordizian
Elkarte baten tximiniak su hartu ostean, bizilagun batzuek etxetik kanpo igaro behar izan dute gaua. Inor ez da zauritu.
Primitivak hiru milioi eta erdi euro baino gehiago utzi ditu Bizkaian
Sariaren zenbatekoa bi zatik osatzen dute: 2.422.493,36 euro, kategoria bereziari dagozkionak, eta horiei 1.113.371,22 euro gehitu behar zaizkie, lehenengo kategoriakoak (sei asmatutakoak), aurreko zozketetan ez baitzegoen asmatzailerik kategoria horretan.
Gasteizko parrokiek aldi baterako estalpea eman diete asiloaren zain dauden Maliko migratzaileei
San Joakin eta Santa Ana parrokiak eta Elurretako Andre Mariarenak ateak ireki dizkiete 20 maliarri. Salburuako Auzo Elkarteari esker, beste 20 etorkinek gutxieneko zerbitzuak dituzte. Asilo eskaerak tramitatzeko hitzorduak lortzea eragozten dien blokeoa tarteko, 300 maliar baino gehiago igaro dira jada Gasteiztik iazko udaz geroztik.
Bilbon arma zuriz egindako eraso baten egilearen bila ari da Ertzaintza
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 15:00ak aldera jakinarazi diote Ertzaintzari gizon bat zaurituta zegoela Bilbo Zaharrean. 33 urteko biktimak arma zuriz egindako zauriak zituen, eta Basurtuko Ospitalera eraman dute.
Amaitu dira pilaketak N-1 errepidean, Andoain parean
Bi kamioik eta auto batek ezbeharra izan dute 15:15ean, Donostiarako bidean. Ibilgailu astunek guraizearena egin dute, eta bidea trabatzen geratu dira. Ilara luzeak sortu dira, baina 18:45erako konponduta zeuden arazoak, eta zirkulazioa ohikoa zen.