Beloradoko mojek saltzeko asmoa zuten 30 artelan berreskuratu dituzte, Urduñan
Azaroaren amaieran egindako polizia operazioan artelanak berreskuratu eta Laura Garcia de Viedma abadesa ohia atxilotu egin zuten.
Argazkia: EFE.
Saltzeko asmoz, moja zismatikoek Burgosko Belorado monasteriotik Bizkaiko Urduñara eramandako 30 artelan berreskuratu ditu Guardia Zibilak. Polizia operazioaren arduradunek azaldu dutenez, ondare historikoko lanak dira: mihiseak, pinturak, tailak, gurutzeak, prozesionalak, pergaminoak, liburuak eta estatua txikiak. Besteak beste, XIV. mendeko kristo gurutziltzatu bat, XVII. mendeko bi mihise handi, XVI. mendeko Bretonerako Ama Birjinaren tailu bat eta antzinako abadesa baten 1556ko testamentu bat nabarmentzen dira.
Azaroaren amaieran, Laura Garcia de Viedma Beloradoko abadesa ohia atxilotu ostean, Urduñako komentua miatu eta bertan aurkitu zituzten artelanak. Burgosko Komandantziaren bozeramaileak uste du "balio handia" dutela: "dozenaka mila euro". Gehienak "aztertu, egokitu eta katalogatu" zain daude.
Konfiskatutako pieza guztien artean, bat bereziki bitxia da: Bretonerako Andre Mariaren irudia, Beloradoko monasterioari izena ematen diona, alegia. XVI. mendeko zur polikromatuzko tailua da, nahiz eta jantziak garai modernoagokoak izan, XX. mendekoak, ziurrenik, urrez bordatuak.
Material guztia Briviescako Instrukzio Epaitegiaren esku dago. Ondare historiko gisa katalogatutako ondasunen ustezko bidegabeko jabetzeagatik ikerketa zuzentzen ari da. Ondoren, Burgosko Artzapezpikutzaren esku utziko dituzte, kontserbatu eta zaindu ditzaten.