Euskal alderdi eta eragileek euskara babesteko deia egin dute
Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko eguna da eta Euskal Herri luze-zabaleko alderdi politiko, sindikatu eta eragile askok euskararen aldeko aldarriak botako dituzte, nork bere ikuspegitik.
Jon Insausti Donostiako alkatea, Esperanza Latina Elkartearen egoitzan, euskara ikasten ari diren migratzaileekin. Argazkia: Donostiako Udala.
Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko eguna da eta Euskal Herri luze-zabaleko alderdi politiko, sindikatu eta eragile askok euskararen aldeko aldarriak bota dituzte, nork bere ikuspegitik, era batera edo bestera.
Euskarak “estatus emozional positiboa” izan dezan lortzea jarri du helburu Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak, eta euskara oraindik iritsi ez den lekuetara eta “bizia dagoen lekuetara” eramateko deia egin du, “ileapaindegietara, dendetara, plazara, futbol partidetara…”.
Euskarak bizirik eutsi badio “pertsona, elkarte eta erakunde askoren ahaleginari esker” izan dela adierazi du Bengoetxeak, eta alderdi politikoei euskararen aldeko akordioak egiten saiatzeko dei egin die, Europar Batasunean hizkuntza ofizial gisa aitortu egingo dutela konbentzituta.
EBBk “jauzi kualitatiboa” ematea funtsezkoa dela adierazi du, globalizazioaren eta Adimen Artifizialaren garapenaren testuinguruan. “Sentimendu nazionalen gainetik” euskaldunen hizkuntza dela ziurtatu du, eta “erasorako aitzakia gisa” erabiltzen duenik egotea deitoratu du. Era berean, “etorkizuna duen hizkuntza” dela aldarrikatu du, eta egunero hura biziberritzeko deia egin du.
EH Bilduk eta EH Baik elkarrekin kaleratu duten oharrean aldarrikatu dutenez, “abenduaren 3ak balio behar digu euskararentzako beste estatus bat aldarrikatzeko, gure hizkuntza nazionalak dagokion plaza funtzionala bete behar duelako”. Eta euskararen jauziaren beharraren haritik, azpimarratu dutenez, jauzi egitea “ez da tipi-tapa ibiltzea, geldirik egotea, edo errotondan bueltaka jarraitzea. Jauzia da plaza berriak okupatzea, eta plaza zaharrak ez hustea”. Horretarako, baina, “aktibazio berriak” beharko direla azpimarratu dute, baita “kontzientzia berri bat piztea” ere, "Euskal Herri osoan euskararentzako berdintasunezko estatusa aldarrikatuko duena”.
Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak sare sozialetan partekatu du euskararen eguneko mezua, eta, nabarmendu duenez, “euskarak azken urteetan izan duen sendotasunik handiena, parekorik gabeko hazkundea posible egin duena, herritarren artean lortutako atxikimendua izan da, baita hitz egiten ez dutenen artekoa ere”. Euskara den ondarea babestearen alde egin du, eta berretsi du “abenduaren 3 honetan, eta urteko gainerako egunetan, euskal sozialistok euskara, pluraltasuna eta elkarbizitza defendatuko” dituztela.
Euskadiko Alderdi Popularrak sare sozialetan zabaldutako bideo baten bitartez euskara zaintzeko deia egin du. Euskara euskal herritar guztien ondare gisa aldarrikatu dute popularrek. “Euskara guztiona da, zain dezagun, inposiziorik gabe”, dio mezuak.
Euskara kinka larritik aterako duten eta euskaraz lan egitea eta bizitzea bermatuko duten hizkuntza politika “burujabeak” aldarrikatu ditu LABek Euskararen Egunean. “Euskaraz normaltasun osoz lan egin eta bizi ahalko garen aldira igarotzeko garaia” dela defendatu du eta “larrialditik indarraldira” igarotzeko, euskal langileei dei egin die ekintzara pasa eta euskararen aldeko ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera.
ELA sindikatuak ere mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Euskararen Egunaren harira kaleratutako oharrean; izan ere, sindikatuaren esanetan, euskaldunek ez dute bermaturik bizitzako eremu gehienetan euskaraz bizitzeko eskubidea, lan munduan, bereziki. “Euskararen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoak bat egin du alderdi abertzaleen apalaldi politikoarekin, eta, esandakoarengatik, euskaldunok pairatzen duten egiturazko zapalkuntza gainditzeko mobilizazioak sustatzea da bide eraginkor bakarra”.
Santi Martinez Euskadiko CCOOren idazkari nagusiak ohartarazi duenez "kontrapisurik eta orekarik gabe" euskara bultzatzeak "albo kalteak" eragin ditzake. Euskararen Eguna dela eta, "Euskarari bai, klase-arrakalarik ez" lelopean sindikatuak Bilbon deitutako elkarretaratzean, Martinezek pozgarritzat jo du euskara "euskal gizartean gero eta zabalduago" egotea; eta euskara C1 mailara arte gutxienez doan ikasteko aukera berma dadila eskatu du, euskara ikastea ordainpekoa izatea, bere hitzetan, "langile klaseari kalte egiten baitio, pobretu egiten duen heinean".
Zure interesekoa izan daiteke
Urzainkiko baso-sutea berpiztu egin da
Sutea abuztuaren 14an piztu zen, eta joan den astean kontrolpean hartzea lortu zuten.
Ehunka neskatok kale gorrian jarraitzen dute Ceutan
Espainiako Gobernuak behin-behineko harrera-zentro bat zabaldu du astelehen honetan Ceutako hipikan, eta horra bideratu dituzte 320 emakume eta neskato. Hala ere, leku gehiago behar dute, eta askok kalean jarraitzen dute, duela hilabetetik.
Berdintasun Ministerioaren datuen arabera, 21 sexu-eraso izan dira Ceutan
Hala ere, Fiskaltzak 23 eraso zenbatu ditu, eta bederatzi biktima adingabeak direla ohartarazi du, 14 eta 17 urte bitartekoak.
Espainiako Futbol Federazioa akordio bat ixtear da ugalkortasun klinika batekin, jokalariek etorkizunean ama izateko aukerak izan ditzaten
Gero eta gehiago dira obozitoak atera eta gordetzeko hautua egiten duten emakumezko kirolariak. Europako liga eta klub askok akordioak dituzte ugalkortasun klinikekin eta hala nahi duen jokalariari aukera hori eskura jartzen diote.
Guardia Zibilak furgoneta baten gidariari lagundu behar izan dio Sartagudan, errepidea hondoratu ostean
Agenteek egiaztatu dutenez, gidaria, 67 urteko Sartagudako bizilaguna, ez da zauritu eta ez dute ospitalera eraman behar izan.
Harrera Sareak Donostiako Udalaren "jarrera erabat diskriminatzailea eta arrazista" salatu du
Elkarteak adierazi du ezin dela "elkartasuna zelatatzea, jazartzea eta zehapenekin mehatxatzea normalizatu", "laguntzea ez baita delitua".
Nafarroan harrera zentro batetik atxikitako sei urteko mutil bat erreskatatu dute
Foruzaingoak haurraren bi senide atxilotu ditu eta beste hiru pertsona ikertzen ari da, autoz egindako ihesaldi arriskutsu baten ondorioz.
Gizon bat atxilotu dute Tuteran, seme-alaba adingabeen aurrean emazteari eraso egiteagatik
Igandean hartu zuten atxilo, 01:00a aldera. Emakumeari larrialdietara lagundu zioten foruzainek, eta etxera itzuli zen ordu batzuk geroago; gizona, berriz, polizia-etxera eraman zuten.
Hiru egunetan desmuntatuko dituzte konpartsek Aste Nagusiko txosnak
Atzo, igandea, amaitu ziren Bilboko jaiak eta datorren irailaren 3a baino lehen dena batuta egongo da.
Konpartsek positibotzat jo dute Aste Nagusian eraso, ezbehar eta gatazka "larririk" egon ez izana
Ikuskizunetako teknikariei bandera urdina eman diete; marroia, berriz, ETSri, "Bizkaiko hiriburuko jaiak beren interesen mesedetan erabiltzeko estrategiagatik".