Gasteizko bi udaltzain zigortu dituzte, adin txikiko bat atxikitzeko indar "neurrigabea" erabiltzeagatik
Gertakariak 2023ko martxoan izan ziren, Zabalgana auzoan, debekatutako eremu batean patinete elektrikoan zihoan gazte bat geldiarazi zutenean agenteek.
Arabako Probintzia Auzitegiak Gasteizko bi udaltzain zigortu ditu, 16 urteko mutil bati lesio delituak egitea egotzita. Epaileak frogatutzat eman du agenteek neurrigabeko indarkeria erabili zutela, patinete elektrikoan zihoan adin txikiko mutil bat atxikitzeko. 1.800na euroko isuna eta bien artean 4.380 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dituzte.
2023ko martxoan izan ziren gertakariak, Zabalgana auzoan. Debekatutako eremu batean patinete elektrikoan zihoan adingabea, "abiadura handian", eta motoan zihoazen bi udaltzainek gelditzeko eskatu zioten. Autoaren arabera, gazteak ez zuen jaramonik egin, eta ihes egiten saiatu zen. Patinetea manipulatuta zegoen, eta orduko 41 kilometroko abiadura harrapatu zezakeen.
Hainbat minuturen ondoren, gaztea geldiaraztea lortu zuten, epailearen hitzetan, "neurrigabeko indarkeria" erabilita. Lurrera bota eta esku burdinak jartzerakoan, gehiegizko presioa egin zutela dio autoak.
Halaber, sententzian jasota geratu da ez dela frogatu agenteek gaztea harrapatzea lortu zutenean, hura ihes egiten saiatu zenik, ez eta agenteei eraso egin zienik ere. Gazteari, besteak beste, sudurra hautsi zioten.
Epaia ez da behin betikoa eta apelazio helegitea jartzeko aukera dago EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.
Salaketa