Gripeak eragindako ospitaleratzeen kopurua % 30 baino gehiago jaitsi da EAEn
Kanpaina hasi zenetik, 17.465 gripe-kasu erregistratu dira guztira Osakidetzaren ospitaleetan, eta 2.274 ospitalizazio eta 74 ZIUko ingresu izan dira.
Gripeak eragindako ospitaleratzeen kopurua % 31,7 jaitsi zen urtarrilaren 5etik 11ra arteko astean Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko asteko datuekin alderatuta: 161 pertsona ospitaleratu zituzten Osakidetzako erietxeetan, astebete lehenago baino 75 gutxiago.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldu ditu datuok, gaur, eta ziurtatu duenez, "gripearen hedapena moteldu" egin da. "Euskadik gripeari eustea lortu du Gabonetako jaien ostean, ospitalizazioen zenbatekoa nabarmen jaitsi da eta", esan du Osasun Sailak, ohar batean.
Nolanahi ere, intzidentzia aregotu da, 100.000 biztanleko 774,4 kasuraino; Arabak du intzidentziarik handiena, 100.000 biztanleko 895,19 kasurekin; Bizkaiak 781,89 kasu ditu; eta azkenik, Gipuzkoak, 713,57.
Joan den astean, 1.160 gripe-kasu detektatu ziren EAEn, aurreko astean baino 9 gutxiago, eta iaz data horietan erregistratutako kasuen erdia baino gutxiago.
Txertaketa kanpaina
Gripearen eta Covidaren aurkako 2025eko txertaketa-kanpainan, dosi kopurua % 11,1 igo da, batez beste, 2024ko kanpainako aldi berarekin alderatuta. Orain arte, gripearen aurkako 590.495 dosi eta Covidaren aurkako 300.900 dosi eman dira.
Datorren urtera begira, Osasun Sailak jakinarazi du "hurrengo txertaketa-kanpaina herritar guztiei zabaltzeko" asmoa dutela, "mugarik gabe eta aurretiko hitzordurik gabe". "Horretarako, gripearen hurrengo kanpainan hitzordurik gabeko txertaketa-puntuak jartzea aurreikusten da. Hartara, arreta biztanleria kalteberengan jartzeaz gain, herritar guztiei txertaketa erraztu nahi zaie", gehitu dute oharrean.