Errepideak moztuta, ferryak eta hegaldiak bertan behera, eta klaseak etenda, 'Ingrid' ekaitzaren ondorioz
Penintsulako ipar-mendebaldean, denboraleak elurra utziko du 300 metrotik behera, eta 9 metrorainoko olatuak izango dira igandera bitartean.
Elurra egin du penintsulako hainbat lekutan. Argazkia: Europa Press
Ingrid ekaitzak askotariko eraginak utzi ditu ostiral honetan Espainiako Estatuan: errepideak moztuta daude, trafiko astunerako murrizketak ezarri dira, garraio-zerbitzuak bertan behera utzi dituzte eta eskolak etenda daude hainbat erkidegotan. Asteburuan penintsula zeharkatuko duen denboralea Andaluziatik Galiziara nabaritzen hasi da, elurra, euria eta olatu handiak lagun.
Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren arabera, elurrak 64 errepideri eragin die; eta horietako bost sare nagusikoak dira. Oraingoz, eremu kaltetuenetakoa penintsulako iparraldea da, baina Andaluzian ere daude arazoak garraiobideetan. Errepide batzuetan derrigorrezkoa da kateak erabiltzea, eta beste batzuetan, berriz, trafiko astuna mugatu dute. Gutxienez 1.600 kamioi geldiarazi dituzte, batez ere Leonen eta Zamoran. Trafiko Zuzendaritzaren aginduz, 7,5 tonatik gorako kamioien zirkulazioa murriztu da, salbuespenik gabe, eta produktu galkorrak garraiatzen dituztenek ere izan dute joan-etorria debekatuta.
Hala ere, arratsaldeko azken orduan hainbat errepidetan ezarrita zituen mugak bertan behera utzi ditu.
Trenbide-trafikoa ere kaltetu da. Adifek jakinarazi du zerbitzua eten dela hainbat lineatan, ura pilatu delako, zuhaitzak erori direlako eta katenarian tentsio-arazoak sortu direlako, besteak beste, Andaluzian, Galizian eta Katalunian. Gainera, Renfek ordezko zerbitzuak jarri ditu Kordoba eta Jaen arteko distantzia ertaineko ibilbide batzuetan.
Itsasoari eta aireari dagokienez, Tarifa eta Tanger arteko ferryak bertan behera geratu dira itsasoaren egoera txarragatik, eta Galizian hainbat hegaldi ere bertan behera utzi dituzte, orduko 110 kilometroko haize-boladengatik. A Coruña inguruko kostaldean abisu gorria indarrean dago, eta bederatzi metroko olatuak espero dira.
Denboralearen ondorioak hezkuntza-arloan ere nabaritu dira. Galizian, Xuntak eskola-jarduera eten du erkidegoko hainbat eremutan; Gaztela eta Leonen, berriz, 3.300 ikasle baino gehiago gelditu dira eskolarik gabe, eskola-garraioa bertan behera geratu delako.
Hornidura-arazoak
Asedas supermerkatuen patronalak ohartarazi du hornidura-arazoak sor daitezkeela penintsulako iparraldeko zenbait tokitan, merkantzien garraioa prebentzioz eteteak eta kamioiei ezarritako mugek eraginda.
Maila hidrologikoan, prezipitazioen ondorioz, prebentziozko hustuketak egin behar izan dituzte hainbat urtegitan; besteak beste, Segoviako Pontoi Garaikoan, elurra pilatu delako eta izotza azkar urtzeak ibaien emaria handitzeko arriskua duelako. Andaluzian, berriz, Juntak Uholde Arriskuari Aurre Egiteko Planaren aurrelarrialdi-fasea aktibatu du, eta herritarrei kontu handiz ibiltzeko eskatu die.
Aemet Estatuko Meteorologia Agentziaren aurreikuspenen arabera, denboraleak asteburuan ere jarraituko du: tenperaturak nabarmen jaitsiko dira, eta elurra oso kota baxuetan egingo du, ipar-mendebaldean 300-500 metrotik behera ere bai. Ekaitzak indartsu jarraituko du gutxienez igandera arte, eta 8 metrotik gorako olatuak espero dira Galiziako kostaldean eta Kantauri itsasoan.