Puentek ez du baztertu Rodaliesen zerbitzuko gaurko gorabeherak "zibereraso" batek eragin izana
Hipotesi hori mahai gainean dagoela aitortu du Espainiako ministroak, zerbitzua ohikoan jarduten ari zelako eta "oso denbora gutxian bi aldiz eten" delako.
Puente, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Oscar Puente Espainiako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroak ez du baztertu "zibereraso" batek eragin izana gaur goizaldean Kataluniako Rodalies zerbitzuan izandako gorabeherak; izan ere, bi aldiz izan dira arazo informatikoak oso denbora gutxian Adifen kontrol-zentroan.
Puentek TVEn egin ditu adierazpenok, eta zehaztu du oraindik ez dakitela zer gertatu den, eta ez duela "ezer elikatu" nahi.
"Zibererasoaren hipotesia aukera bat da, baina, ez dut ezer esan nahi, ez dudalako ezer elikatu nahi, jakin barik", adierazi du ministroak, eta hipotesi hori mahai gainean egon badagoela gogorarazi du, zerbitzua ohiko legez ari zelako, eta "bi etenaldi" izan direlako "oso denbora gutxian".
Hala ere, orain garrantzitsuena zerbitzua aurrera ateratzea dela azpimarratu du ministroak, Gelidako istripuaren ondoren zerbitzua bost egunez ia erabat etenda egon eta gero.