Elurrak eta izotzak zirkulazioa zaildu dute zenbait mendatetan larunbat honetan
Bernedoko mendatea itxita dago, errepidean elurra pilatu baita. Azazetan, Kurtzetan, Herreran edo Urduñako mendatean arreta handiz ibili behar da, eta Opakuan eta Izaban kateak behar dira.
Elurra, euskal errepide-sarean. Artxiboko argazkia: Europa Press
Azken egunotako elur denboralea zirkulazioa zailtzen ari da hainbat mendatetan gaur, Araban eta Nafarroan bereziki. Hori dela eta, arreta handiz gidatzeko gomendatu dute.
Toki batzuetan, Opakuan eta Izaban, esaterako, kateak edo neguko pneumatikoak behar dira; beste batzuetan, berriz, erne ibili behar da, errepidean elurra eta izotza pilatu daitekeelako.
Hala, Azazetan, Kruzetan, Herreran edo Urduñako mendatean, adibidez, arreta handiz ibili behar da gaur. Gainera, Bernedoko mendatea itxita dago, elurra ari baitu, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Na-2012 errepidea itxita dago Otsagabia-Irati tartean, ez baitago neguan bidea garbitzeko zerbitzurik, Na-2011 errepidea bezala, Zaraitzun. Halaber, Na-137 errepidea itxita dago 55. kilometro-puntutik, galtzadan elurra pilatu baita, eta arreta berezia jarri behar da 50. kilometro-puntutik, Izaban. Neguko pneumatikoak behar dira bertan.
Testuinguru horretan, Foru Erkidegoko errepide-sarean arretaz gidatzea gomendatzen da, mendebaldeko goialdeetan haize-bolada oso biziak izan baitaitezke eguerdian.
Datozen orduei begira, hainbat abisu hori ezarriko dira Euskal Herrian, muturreko eguraldiagatik, besteak beste itsasaldeko arriskua, prezipitazioak eta ekaitzak eta elurra izango baita. Horrez gain, Ipar Euskal Herrian ere alerta laranja ezarri dute, euriagatik.