Auto-ilarak Bilbon, hainbat ibilgailuk istripua izan baitute Zorrotza parean
Hiru ibilgailuk talka egin dute eta ondorioz erreietako bat itxi dute. Hori dela eta, lau kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira.
Goiz korapilatsua izaten ari da Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetan, hainbat istripu izan baitira.
Hiru ibilgailuk elkarren kontra jo dute BI-10 errepidean (lehen, A-8), Zorrotzako bihurguneetan, eta lau kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira Kantabriarako noranzkoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ezbeharra 08:45ean gertatu da, oraindik argitu gabeko arrazoiak direla eta, eta ondorioz ezkerreko erreia itxi behar izan dute.
Horrez gain, Gipuzkoan, hiru ibilgailuk talka egin dute gaur goizean, N-1 errepidean, Lasarte-Oria parean, eta 6-7 kilometroko auto-ilarak sortu dira Irunera bidean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ezbeharraren ondorioz, ezkerreko erreia itxi behar izan dute.
Gainera, AP-8 autobidean, Galdakao parean eta Donostiarako noranzkoan, 3 kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira, hiru ibilgailuk istripua izan dute eta.
Bestalde, trafikoa nahiko sarria da N-637 errepidean, Barakaldo parean, ibilgailu bat bidetik atera delako.
Hori guztia dela eta, arretaz gidatzea eta errepidera atera aurretik egoera zein den kontsultatzea gomendatu du Segurtasun Sailak.