M8
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Mehatxuen aurrean, EAEko erakundeek feminismoa "defendatzeko eta zabaltzeko" deia egingo dute aurtengo M8ko kanpainan

Urtero bezala, martxoaren 8ko kanpaina ondu dute Emakundek, Foru Aldundiek eta Eudelek. "Eman tokia berdintasunari" izango du lelotzat, eta gaurtik M8ra, berdintasuna zaindu eta babesteko eremua dela aldarrikatuko dute.
18:00 - 20:00

"Feminismoaren lorpenen aurrean, mundu mailako erantzuna dago. Eta diskurtso horiek aurrera egiten dutenean, berdintasunak atzera egiten du", hitzokin, gordin, azaldu du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak gaur egungo feminismoaren egoera. Mehatxuon aurrean kikildu barik, horiei aurre egiteko eta feminismoa "defendatzeko eta zabaltzeko" deia egin nahi izan du Emakumearen Euskal Erakundeak, eta horren inguruan prestatu du, hiru foru aldundiekin eta Eudelekin batera, aurtengo M8ko kanpaina

Kanpainak "Eman tokia berdintasunari" izango du lelotzat, eta feminismoa zaindu eta babestu beharreko espazioa dela aldarrikatuko du. Are, ahal dela, espazio horiek zabaltzera ere animatuko ditu herritarrak. “Berdintasunaren espazioa babestu behar dugu atzerapausorik ez izateko", argudiatu du Elgarrestak kanpainaren aurkezpenean.

Zehatz jarrita, defentsa eta zabaltze lan horren hainbat adibide eman ditu Emakundeko zuzendariak. Hala nola, etxeko lanak eta zainketak modu orekatuan banatzea, hezkuntzan hezkidetza aplikatzea, sare sozialetan gorroto eta desinformazio diskurtsoak salatzea edota erabaki politikoetan genero ikuspegia txertatzea.

Kanpainaren leloaren ildotik, Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza foro diputatuak berdintasunaren aurrerapenak geldiarazi nahi dituzten diskurtsorik gabeko espazioak eskatu ditu. "Martxoaren 8an duintasun, atseden eta aukera gune berriak eraikitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, emakume guztiak askatasun eta berdintasun osoz bizi, erabaki eta aurrera egin ahal izateko", nabarmendu du.

Bestalde, Esther Apraiz Eudelen presidenteak udalen inplikazioa azpimarratu du diskurtso antifeministei aurre egiteko. "Funtsezko zeregina dugu gure udalerrietan berdintasun guneak hedatzeko eta babesteko. Herritarren eskutik, berdintasuna egunerokotasunean eraikitzen da: auzoetan, eskoletan, bulegoetan, elkarteetan, giza harreman bakoitzean. "

Kanpaina gaurtik martxoaren 8ra bitartean egongo da martxan kanpoko euskarrietan, egunkarietan, irratietan, sare sozialetan eta telebistan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X