KUTSADURA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bentzeno mailak behera egin du Muskizen, baina prebentzio-neurriek indarrean jarraitzen dute

Alkateak, Eduardo Brionesek, seme-alabak eskolara ez eramatea gomendatu die familiei. 09:00etan azterketa berri bat egingo dute.

18:00 - 20:00

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Petronorren izandako intzidentziaren ondorioz Muskiz inguruan atzemandako bentzeno-mailak beheranzko joerari eusten dio. Airearen Kalitatearen Sareak egindako azken jarraipenaren arabera, bentzeno maila, 22:00etan, metro kubikoko 2 mikrogramotik behera zegoen, eta balio horiek atzo prebentzio-gomendioak aktibatzea eragin zutenak baino nabarmen txikiagoak dira.

Hala ere, Osasun Publikoak arreta handiz jokatzeko dei egin du, eta izan daitezkeen aldaketen aurrean etengabeko zaintzari eusteko, bereziki kontuan izanda egunez tenperaturak gora egin dezakeela eta horrek kutsadura mailari eragingo diola.

9:00etan beste azterketa bat egin arte, esposizioa murrizteko gomendioei eutsi zaie. Herritar guztientzako neurrien artean, ahal den guztietan barruko espazio itxietan egotea, ateak eta leihoak itxita edukitzea, aire zabaleko jarduera fisiko bizia saihestea eta etxebizitzen aireztapen luzea mugatzea daude, birzirkulazio bidezko klimatizazio-sistemak lehenetsiz.

Era berean, arreta berezia eskatu zaie talde zaurgarriei, hala nola arnasketako gaixotasunak edo gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pertsonei, adingabeei, adinekoei eta haurdun dauden emakumeei. Izan ere, gertakariak irauten duen bitartean, saihestu egin beharko dute kanpoko airearekiko alferrikako esposizioak. Hezkuntza-zentroen, kirol-zentroen eta zentro soziosanitarioen kasuan, aire zabaleko jarduerak etetea gomendatzen da, eta adingabeak eta mendeko pertsonak aireztapen kontrolatua duten barnealdeetan egotea.

Eduardo Briones Muskizko alkateak, gainera, kalera ez irtetea eta haurrak eskolara ez eramatea gomendatu du Radio Euskadin.

Petronorrek ziurtatu du segurtasun-protokoloetan ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatzen ari dela intzidentzia kontrolatzeko eta isuriak ahalik eta azkarren murrizteko

Petronorren izandako inzidentzia baten ondorioz, gasolina biltegiko erregai zati bat lurrundu egin da, eta horrek eragin du airea kutsatzea.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X