Araba
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, pertsonen legez kanpoko trafikoa egotzita

Trafiko-kontrol batean ohartu dira 9 lagunentzako furgoneta batean 15 pertsona zihoazela, egoera penagarrian, Portugalera bidean.

Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu A-1 errepidean, Gasteizen, trafiko kontrol batean, pertsonen legez kanpoko trafikoa egotzita; izan ere, 15 pertsona zihoazen furgoneta batean, egoera penagarrian.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakariak ostegun goizaldean jazo ziren, 03:30ean, A-1 autobidean, Arabako hiriburuan. Garraioen kontrola egiten ari ziren Arabako Trafikoko Lurralde Unitateko agenteek matrikula portugaldarra zuen furgoneta bat geldiarazi zuten.

Furgoneta barruan 15 pertsona zihoazen, nahiz eta gehienez ere 9 lagun eramateko ibilgailua izan. Gainera, bidaiari gehienek ez zuten dokumentaziorik, eta, dirudienez, diru kopuru jakin bat ordaindu ondoren, Portugalera bidean ziren, legez kontra.

Hori jakinda, Polizia Nazionalaren Atzerritartasun Atalarekin harremanetan jarri zen Ertzaintza, pertsona guztiak identifikatzeko. Behin hori eginda, ibilgailuaren gidaria eta kopilotua atxilotu zituzten, atzerriko herritarren eskubideen aurkako delituak egotzita.

24 urteko gidaria iaz ere atxilotu zuen Ertzaintzak Villabonan, legez kanpoko migratzaileen trafikoa egotzita. Bestalde, 22 urteko kopilotuak polizia aurrekariak ditu Atzerritarrei buruzko Legea hausteagatik. Polizia eginbideak amaitutakoan utziko dituzte biak epailearen esku.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X