DERBI GAUA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gau erabakigarria Anoetan: Realaren eta Athleticen arteko bigarren finalerdia, zuzenean ETB1en eta ETB Onen

ETB1ek, ETB Onek eta kirolakeitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute Kopako derbi erabakigarria. Donostian final handietako giroa dago. 

18:00 - 20:00

Donostiak intentsitate handiko gaua biziko du gaur Realaren eta Athleticen arteko Kopako derbiaren inguruan. Partida zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en, ETB Onen eta kirolakeitb.eus-en.

19:00etan harrera egingo diote talde txuri-urdinari. Realaren autobusak Ospitaletako aldapatik behera egingo du eta estadioa inguratuko du Txuri Urdinetik eta Belodromotik igarota. Azken metroetan giro bero-beroa espero dute. Parrokia errealistak gau magikoa biziko du eta Sevillarako txartela lortzea dute helburu: baikortasuna ohiko zuhurtziarekin uztartzen dute. Jarraitzaile asko bat datoz Kopak Realari publikoarekin finala zor diola esatean.

Jai-giroa estadioaren inguruko tabernetara ere zabalduko da, eta zale ugari espero dira norgehiagoka hasi baino ordu batzuk lehenago.

Zuri-gorrien aldetik, Athleticek desabantailarekin ekingo dio partidari, joanean kontrako emaitza izan baitzuten eta San Mamesetik urrun egingo baitio aurre neurketari. Ondorioz, zenbait jarraitzailek erronka zaila izango dela aitortu dute. Hala ere, orduek aurrera egin ahala gora egin du markagailua iraultzeko itxaropenak, eta Athleticekoek ez diote uko egin.

Athleticeko 600 zale baino gehiago izango dira Anoetan, eta bisitarien sektorea San Mames txiki bihurtzen saiatuko dira. Sarrerarik ez dutenak ere Donostiaraino joango dira taldeari laguntzeko, gutxienez luzapena behartzea posible dela sinetsita.

Horrela, Sevillarako txartela jokoan, intentsitate handiko gaua izango da.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X