"Barkamena" eskatu die La Sallek Patxi Ezkiagaren biktima guztiei
Aste honetan Arartekoak publiko egin du La Salle Ikastetxean 1976 eta 2021 urteen artean Patxi Ezkiaga Lasa irakaslearen sexu-abusuen biktima izan zirenekin eta ikastetxearekin berarekin egindako lanketa prozesuaren emaitzen txostena. Arartekoak azaldu duenez, La Salle ikastetxeak banan banako erreparazio bide bati helduko dio, biktimek eta Arartekoak berak proposatutako erreparazio kolektiboaren ordez.
Horren aurrean sortu diren argitalpen eta iritzien aurrean, ohar instituzionala argitaratu du Irungo La Salle Ikastetxeak eta “barkamena” eskatu die biktima guztiei, “bizi izandako sufrimenduagatik eta, une hartan, gertatutakoa prebenitzen edo detektatzen jakin ez zuelako”.
“Argi eta garbi adierazi nahi dugu gertatutakoa gaitzesten dugula. Jokabide onartezinak dira, biktimei kalte sakona eta sufrimendu bidegabea eragin zietenak”, dio zuzendaritzak oharrean eta gaineratzen du, “badakigu ezein hitzek ezin duela eragindako mina erabat erreparatu, baina uste dugu kaltea aitortzea eta barkamena eskatzea erantzukizun moral eta instituzionaleko ezinbesteko urratsa dela”.
Azaldu duenez, erakundeak topaketa pertsonalak izan ditu eurengana jo nahi izan duten biktima batzuekin; “entzute sakoneko eta jarduteko modurik onenari buruzko hausnarketa uneak” izan dira erakundearen hitzetan, “instituzionalki eskaintzeko betebeharra dugun kontsolamendu ematen lagundu ahal izateko”.
Arartekoak txostenean aurreratu gisa, La Sallek adierazi du “topaketa pertsonal eta erreparatzaileari” ekin diola, “hizpide duguna bezalako kasuak erreparatzeko, gotzain-konferentziaren, agintarien eta gobernu zentralaren [Espainiakoa] artean adostutako prozeduretara jo duten biktimekin”.
Prozedura indibidualetara jotzeko erabakiak biktimen etsipena eta ezinegona eragin duten jakitun, erreakzio horiek “errespetuz eta arretaz entzuten” dituztela adierazi dute, eta biktimekin elkartzeko biderik onena aurkitzeko “arduraz hausnartzen” ari dela La Salle, “elkarrizketa-guneak indartuz eta aitortzarako eta erreparaziorako modu egokiagoan lagun dezaketen formulak aztertuz”.
Halaber, “zubiak eraikitzeko, topaketa-bideak bilatzen jarraitzeko, eta eragindako mina aitortzeko bidean aurrera egiteko” borondate argia erakutsi du oharrean.
La Sallek azpimarratu duenez, “nabarmen indartu” dituzte “prebentzio-protokoloak, babes-neurriak eta zaintzari buruzko prestakuntza-prozesuak”, euren ikastetxeak ikasle guztientzako “ingurune seguruak, babesleak eta konfiantzazkoak” direla bermatzeko.
“La Sallek arduraz eta umiltasunez lan egiten jarraituko du barkamena eskatzeko, elkarrizketarako guneak irekita edukitzeko eta, ahal den neurrian, zauriak sendatzen lagunduko duten aitortza eta topaketa moduetarantz aurrera egiteko”, nabarmendu du.
Biktimen salaketak eta Arartekoaren prozesua
Donostiako La Salle Ikastetxean 1976 eta 2021 urteen artean Patxi Ezkiaga Lasa (2018an zendua) irakaslearen sexu-abusuen biktima izan zirenen erreparazio kolektiboari atea itxi dio La Salle ikastetxeak, Arartekoak aste honetan publiko egin duen azken txostenaren arabera.
2024ko maiatzean egin zen publiko lehen kasua eta gero beste 26 biktimen testigantzak etorri ziren, eta Ezkiagak egindako abusuez gain, La Salleko arduradunek, jokabide horien jakitun izan arren, ezer ez zutela egin salatzen zuten biktimek.
Arartekoaren txostenean jasotzen denez, biktimekin nahiz La Salle ikastetxearekin hainbat elkarrizketa egin ondoren, Arartekoak biktimekin batera adostutako erreparazio kolektiborako proposamena egin zion La Salleri, baina horrek, biktimen mina aitortu arren, uko egin dio iraganeko arduragabekeriazko jarrera publikoki aitortzeari eta erreparazio kolektiboari.
Izan ere, urtarrilaren hasieran, La Sallek Arartekoari bidalitako gutunean, erabaki irmoa adieraz zion, Espainiako Gotzainen Konferentziak duen PRIVA barne-protokoloaren alde egiten zuela, kasuak banan bana aztertzeko, erreparazio kolektiboaren aukerari bidea erabat itxiz.
Horrek biktimen artean sumina eta atsekabea eragin du, jasandakoaren aitortza publikoa nahi eta behar baitzuten, Ezkiagaren abusuek eragindako zauri psikologikoak zabalik baitituzte oraindik ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon baten gorpua aurkitu dute Bilboko itsasadarrean, Sestao parean
Hilotza uretatik atera eta Auzitegi Medikuntza Institutura eraman dute, autopsia egin diezaioten. Bestalde, Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertakariaren nondik norakoak argitzeko eta hildakoa nor den zehazteko.
Realeko zale bati 3.000 euroko iruzurra egin diote, Errege Kopako finalerako sarrera faltsuak erostea saiatu ondoren
Guardia Zibilak eta Ertzaintzak apirilaren 18an Sevillan jokatuko den partidarako sarreren iruzurrezko salmentaren berri eman dute, eta bide ofizialak soilik erabiltzea eskatu dute.
Ikertutako agentea, hiru familia eta Santanderko Udala istripuaren auzian pertsonatuko dira
Istripua ikertzen ari den epaileak diligentzia berriak agindu ditu, eta abisuei erantzuteko protokoloak, bizilagunen kexak eta pasabidearen egoerari buruzko aditu-txosten bat eskatu ditu.
Korrikaren hasiera zuzenean Atharratzetik
24. Korrika martxoaren 19an hasiko da Atharratzen. Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da 14:30etik aurrera.
Osakidetzak bere gain hartu ditu anputatutako gorputz zatien kostuak eta kudeaketa
Euskal osasun sistema publikoak instrukzio berri bat onartu du, eta, horren arabera, bere gain hartuko ditu gorpuzki horiek errausteko kostuak eta tramiteak, beti ere pazientearen edo haren senideen baimena izanez gero.
Lekuko-hartze "sinboliko eta hunkigarriak" izango dituela aurtengo Korrikak aurreratu dute antolatzaileek
EITBren Bilboko egoitzan egin dute AEKren aldeko lasterketaren aurkezpen soziala. Gizarteko eragile ugari izan dira bertan. Aurtengo edizioan 3.400 lekuko-hartze baino gehiago izango direla iragarri dute antolatzaileek, inoiz baino gehiago, eta horietako asko "sinbolikoak eta hunkigarriak" izango direla diote.
Protesta jendetsua Eibarren, haurreskoletan plaza nahikorik ez dagoela salatzeko
Dozenaka familiak protesta zaratatsua egin dute ostegun honetan Eibarko Untzaga plazan, herriko haurreskoletan plaza nahikorik ez dagoela salatzeko.
Rene Redzepi Noma jatetxeko sukaldari daniarrak kargua utziko du, langile ohiek abusuak leporatu ondoren
2009. eta 2017. urteen artean Redzepik kalte fisikoak eta psikologikoak eragin zizkiela salatu zuten jatetxe horretako dozenaka langile ohik. "Aldaketek ez dute iragana konpontzen", azpimarratu du Redzepik.
Realak Sevillan jokatuko duen Kopako finalerako sarrera faltsuak saltzen ari direla ohartarazi du Ertzaintzak
Zale batek jarritako salaketa baten bidez, Ertzaintzak izapideak ireki ditu ustezko iruzur-delitu batengatik.