24. Korrika
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Nafarroatik Gipuzkoara egingo du jauzi Korrikak bere bosgarren gauean

Araban ikusi ditu lekukoak eguneko lehen eguzki printzak, eta bertan ibiliko da Korrika eguerdia iritsi bitartean. Egino eta Ziordia arteko bidea eginda, Nafarroa iparraldean barneratuko da 13:00a aldera, Gipuzkoa helburu hartuta. 

gauez

Tipi-tapa, kilometroz kilometro, badoa aurrera euskararen aldeko lasterketa sonatuena. Bosgarren egun honetan, Nafarroatik Gipuzkoarako jauzia egingo du Korrikak; gauean, 21:30 jota, Lizartzan sartuko baitira lasterkariak, Atallu atzean utzita.

Aurretik, baina, luze joko du egunak. Araban ikusi ditu lekukoak eguneko lehen eguzki printzak, eta bertan ibiliko da Korrika eguerdia iritsi bitartean. Egino eta Ziordia arteko bidea eginda, Nafarroa iparraldean barneratuko da 13:00a aldera, Gipuzkoa helburu hartuta. 

Ordu txikitan igaroko ditu, besteak beste, Hernani, Oiartzun eta Irun, eta berriro Nafarroan sartuko da, kilometro batzuk egin eta (edizio honetan) estreinakoz Lapurdirantz zuzentzeko. Hala, astearte gauean, Sara, Kanbo eta Uztaritze harrapatuko ditu, eta 21:44an helduko da hiriburura. Harrera beroa egingo diote Baionan, Korrikak bere 24. hitzorduan bisitatuko duen hirugarren hiriburuan. 

Asteazkenean, alegia zazpigarren egunean, muga zeharkatu eta Gipuzkoan barrena egingo dute korri euskaltzaleek; oraingoan, gainera, kostaldean. Goizetik jantzi beharko dituzte zapatilak eta zira donostiarrek, 07:43an iritsiko delako bertara. Hiriburutik irten, eta 09:20an ostera egingo du sartu-irtena Donostian.

Kresal apur baten beharrean, Orio, Zarautz, Zumaia eta kostako beste hainbat udalerritik pasatuko da martxoaren 25ean. Iluntzerako, Bizkaian egondo da Korrika. Ondarroako herritarrak izango dira lekukoa eramaten lehenak (20:18tik aurrera), eta zain izango dituzte markinarrak eta lekeitiarrak, hurrengo urratsak beren herrietan emango baitira.

Ostegunean, Korrika ez da Bizkaitik aterako. Getxon, Barakaldon edota Santurtzin zabalduko da euskararen aldeko aldarria, bai eta Trapagan, Zallan eta Balmasedan ere. 

Bederatzigarren eguna beteko du martxoaren 27an, ostiralean. Arratiako bizilagunen oinkadak Arabarainoko bidea egingo dute. 22:57an helduko da lasterketa Gasteizera, eta larunbat goizaldean Araba agurtuko du, atzera ere Gipuzkoara zuzentzeko: Debagoiena lehendabizi, Urola ostean eta Goierri zein Tolosaldea geroago; horiexek dira, larunbaterako Korrikak gordeta dituen pasalekuak. 

Bilbo jomugan, Bizkaira egingo dute berriro salto korrikalariek. Eibar, Elorrio, Durango eta Zornotza gauez igaroko dituzte, eta 07:22an, Bilboko Enekuri auzora helduko da. Goiz osoan hiriburua zeharkatzen ibiliko eta gero, 12:04an Areatzan du hitzordua eginda. Orduan ezagutuko da aurtengo edizioko mezua, egileak berak irakurriko baitu milaka lagunen aurrean.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X