2015-2025 tartea, erregistroak daudenetik izandako beroena, Munduko Meteorologia Erakundearen azken txostenaren arabera
176 urte dira Lurraren batez besteko tenperatura neurtzen denetik, eta azken 11 urteotan erdietsi dira balio altuenak. "Historia 11 aldiz errepikatzen denean, jada ez da kointzidentzia, jarduteko deia zuzena da", azpimarratu du Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak.
'La Niña' fenomenoak hozte-efektua egin du 2025ean, eta horri esker, tenperaturek ez dituzte markak hautsi. Artxiboko argazkia: EFE
Azken 11 urteak, 2015etik 2025erako tartea, erregistroak daudenetik izandako beroenak izan dira, Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) gaur kaleratu duen txostenean jaso denez.
'La Niña' fenomenoak hozte-efektua eragin du 2025ean, eta horri esker, pasa den urteak ez ditu markak hautsi. Hala, bigarren urte beroena izan da duela 176 urtetik bildutako erregistroei erreparatuta. Urteko batez besteko tenperatura industriaurreko batezbestekoa (1850 eta 1900 artekoa) baino gradu eta erdi (1,43 ºC) altuagoa izan da.
Horrenbestez, 2024a da azken mende pasatxoko urterik beroena: industriaurreko batez besteko tenperatura baino 1,55 gradu gehiago neurtu ziren orduan.
"Historia 11 aldiz errepikatzen denean, jada ez da kointzidentzia, jarduteko deia zuzena da", azpimarratu du Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak.
Desoreka energetikoa
MMEk azaldu duenez, berotzea desoreka energetikoaren ondorio da, Eguzkiarena dena baino energia gehiago xurgatzen ari delako planeta. 1960an hasi ziren balio hori neurtzen, eta, ordutik, desoreka hazi besterik ez da egin, bereziki azken 20 urteotan. Berotegi efektuko gasen kontzentrazioak (karbono dioxidoa, metanoa eta oxido nitrosoa) gora egin du, eta azken 800.000 urteetako balio altuenean dago, erakundeak ohartarazi duenez.
Hain justu, 2024an izan zen atmosferako karbono dioxidoaren (CO2) hazkunderik handiena (1957an hasi ziren neurtzen), erregai fosilen isuriek eraginda, baina baita Lurrak eta ozeanoek energia xurgatzeko duten ahalmena gutxitu delako.
Eragina ozeanoetan
Metatutako gehiegizko energia hori apenas (% 1) igartzen da tenperatura igoeran, eta gehiena (% 91) ozeanoek xurgatzen dute, eta gainerakoa (hurrenez hurren, % 5 eta % 3) lurrazal kontinentalak eta izotz masek. 2025ean ozeanoetan pilatutako beroak markak hautsi ditu, eta azken 20 urteetan 1960-2005 aldikoa halako bi da.
Ondorioen artean, txostenak honako hauek aipatu ditu: itsas ekosistemak gehiago degradatu dira, biodibertsitateak atzera egin du, ozeanoek CO2-a xurgatzeko duten ahalmena murriztu egin da, ekaitz tropikalak areagotu dira eta eskualde polarretan larriagotu egin da izotzaren urtzea.
Horrekin lotuta, Antartikan eta Groenlandian "galera nabarmenak" izan dituzte izotz-masetan, eta Islandiako eta Ipar Amerikako Ozeano Pazifikoko kostaldean glaziarrek galdutakoa "apartekoa" izan da, deitoratu du MMEk. Horrez gain, Ozeano Artikoaren urteko batez besteko izotz-hedadura sateliteek erregistratutako baxuena izan da 2025ean.
Ondorio horiek guztiek, epe luzera, ozeanoak berotzea eta itsas maila igotzea ekarriko dute. 1993an satelite bidez egindako lehen neurketetatik itsasoak 11 zentimetro egin du gora. "Ozeanoak berotu dira, eta ozeanoen PHa aldatu egin da, eta hori atzeraezina da ehunka eta milaka urteko eskalan", azpimarratu du txostenak.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera